INAUTERIAK 2026

Diskofesta eta sormena izango dira protagonista Lemoizko Inauterietan

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 12a

Lemoizen otsailaren 14an eta 15ean ospatuko dituzte inauteriak, musika, txokolatea eta mozorroak ardatz izango dituen aste-akabuko egitarauagaz. Udalak herritar guztiak animatu ditu jai-giroan parte hartzera eta mozorroak jantzita frontoia eta kultur gela kolorez betetzera.

Egitaraua zapatuan, hilaren 14an, abiatuko da Armintzako frontoian egingo duten diskofestagaz. Jaia 17:30ean abiatuko da eta antolatzaileek adin guztietako herritarrak mozorrotuta joatera gonbidatu dituzte. Arratsaldean zehar, gainera, txokolatada handi batez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Domekan, otsailaren 15ean, umeentzako jarduerak izango dira protagonistak. 17:30ean hasita, Urizarreko kultur gelan inauterietako tailerra egingo dute, eta bertan mozorroetarako osagarriak sortu eta probatzeko aukera izango dute txikiek. Ez da aldez aurretik izena eman beharko, eta egitasmo horren helburua sormena piztea eta irudimena lantzea izango da, maskara eta pertsonaia ugari sortuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun