Duela hamarkadak erabiltzen ez den arren, zentral nuklearraren zonaldeak "aukera historikoa" eskaintzen duela nabarmendu du Mankomunitateak. Gune horren etorkizuna definitzeko garaia dela iritzita, eta herritarren parte-hartzea ezinbestekotzat jota, Legebiltzarreko batzordean prozesuaren garrantzia azaldu eta eskaera hori bideratu dute.
Azaldu dutenez, azken hilabeteotan, Lemoizko zentralaren ingurunearen gaineko hainbat albiste eta ekimen plazaratu dira. Gai hauek industria, ingurumen, ondare, arte, kultura eta memoriagaz lotura estua dute.
Testuinguru honetan, Mankomunitateak erantzun integrala emateko beharra aldarrikatu du. Horretarako, "aktibazio komunitarioa eta gobernantza kolaboratiboa" artikulatuko dituen entzuteko eta parte hartzeko prozesu bat bultzatzea proposatu dute.
Gobernantza kolaboratiboa eta herritarren ahotsa
Mankomunitatearen helburua da prozesu horren bidez gizarte-eragileen, hainbat diziplinatako adituen eta, batez ere, herritarren ahotsak entzun ahal izatea. Proposamen honen oinarria gardentasunean eta partaidetzan datza: herritarrek zentralaren eta haren ingurunearen etorkizunari buruz iritzia emateko eta eztabaidan parte hartzeko aukera izan behar dutela azpimarratu dute, "urrun joan gabe egin den bezala".