Armintzatik gertu dagoen baso-inguru honetan sortutako esperientzia artistikoak, gauez egin beharreko ordu bete inguruko ibilbidea eskaintzen digu; bertako paisaiak, soinua eta argia ikusi baino sentitu egiten dira. Gotik eta Garaizabalek argi utzi nahi izan dute ez dela "aurrez-aurreko ikuskizuna, ezta argi-jaialdia ere. Gureak murgiltze pausatua, sentsoriala eta kontenplaziozkoa eskatzen du: basoan gauez sartu, beste arreta bategaz begiratu eta argia, soinua, iluntasuna eta ingurunean nola aldatzen diren ikusi".

Argiaren Basoak artea, natura, argia, soinua, teknologia eta ikerketa kulturala bateratzen dituenez ikus-entzunezko artistak, soinu-sortzaileak, arkitektoak zein Arte Ederretako ikasleen lanak aurkezten ditu. "Edonola ere, ideia nagusia ez da artistak batzea baizik eta denen artean esperientzia osoa eta bateragarria eraikitzea", azpimarratu dute antolatzaileek. Artista bakoitzak ingurunea irakurtzeko modu pertsonala eskainiko du; batzuek irudiaren bitartez, beste batzuk soinua erabiliz, beste batzuk gorputza eta paisaiaren artean elkarrekintzatik edo harremanetik. Aniztasun horri esker, ibilbidea bisitariaren pertzepzio-geruza desberdinakaz aldatuz doa.
Armintzako Basorda auzoa... zelako garrantzia du aukeratutako kokapenak?
IGOR GOTI eta JON GARAIZABAL: Kokapena funtsezkoa da! Argiaren Basoa ezingo litzateke edozein lekutan sortu, proiektua ingurune jakin bategaz izandako berbalditik sortzen delako. Armintzak eta Basordako paisaiak kostaldea eta barnealdea, natura, oroimena, usadioa eta etorkizuna lotzen ditu. Basoa ez da obrak jartzeko funtsa; esperientziaren parte aktiboa da. Hezetasuna, landareak, iluntasuna, soinuak, urtaro aldaketak eta tokiaren geografiak berak bisitari bakoitzaren bizipenean eragina dauka. Halaber, garrantzitsua da proiektua Uribe Kostagaz eta Bizkaiagaz lotuta egotea. Ingurua helmuga turistiko gisa ez ezik, kultura lurralde gisa ere nabarmendu nahi dugu. Argiaren Basoa paisaiara hurbiltzeko modu desberdin baten parte da: motelagoa, arretatsuagoa eta tokiari lotuta. Eta bide batez argiaz eta energiaz berba egiteko, zentralaren ondoan egotea baino leku hoberik ezin aukeratu.
"Teknologia ez zaio zertan inguruneari gailendu behar. Argiaren Basoan teknologia presente dago, baina ez du protagonismorik bilatzen. Teknologia, hobeto begiratzen, entzuten edo ulertzen laguntzen digunean interesatzen zaigu"
Basoan murgiltzeko, norabide bakarreko pasabide bioeraiki bat sortu da, bertara nola iristen zaren edo espazioa nola zeharkatzen duzun ere garrantzitsua baita. Pasabide bioeraikiak eta norabide bakarrekoak ibilbidea antolatzeko aukera ematen du, ingurua zaindu eta bisitariari lagunduz. Erritmoa lekuak berak markatuko digu: ez da korrika egiteko, kontsumitzeko; poliki ibili, behatu eta entzuteko baizik.

Zer da garrantzitsuagoa argia edo iluntasuna?
I.G. eta J.G.: Proiektu honetan ez ditugu argia eta iluntasuna kontrakotzat hartzen, baizik eta elkar elikatzen diren elementutzat hartzen ditugu. Argia garrantzitsua da, noski, argi asko ikusten baina iluntasuna da argi horri zentzua ematen diona. Iluntasuna ez da gabezia bat: naturaren balio bat da, pertzepzio eta habitat bat. Argi artifizialez inguratuta bizi gara, baina askotan argi hori neurririk gabe inposatzen denean gauzak agertu baino ezkutatu egiten ditu. Horregatik interesatzen zaigu argia edukiagoa, organikoagoa eta kontzienteagoa izatea.
Teknologia ez zaio zertan inguruneari gailendu behar. Argiaren Basoan teknologia presente dago, baina ez du protagonismorik bilatzen. Teknologia, hobeto begiratzen, entzuten edo ulertzen laguntzen digunean interesatzen zaigu. Urrira bitartean, Armintzan, zabalik egongo den Argiaren Basoak bisitariengan baretasuna, harridura, arreta, edertasuna edo galdera berriak eragingo dizkio gerturatzen den orori, eta gaua beste modu batean ikusi edo bizitzeko esperientzia piztea baino ez du helburu. Gotik eta Garaizablek antolatzaileek dioten moduan "bisitariak senti dezala iluntasuna ez dela ezabatu beharreko zerbait, baizik eta zaintza merezi duena. Argiaren Basoak erritmoa jaistera gonbidatzen zaitu, gehiago entzun, alegia".