Floresek ia 18 urte eman zituen itunpeko ikastetxe batean lanean, eta, ondoren, hezkuntza publikora egin zuen salto. Gaur egun, Lanbide Heziketan dabil orientatzaile moduan eta, urte horietan zeozer ikasi badu, zera da: "Benetako inklusioa" norberarengandik hasten da, eta hori ikastetxeetan praktika onen bidez ikusarazi behar da.
Hala ere, inklusioa kontzeptu berria ez dela nabarmendu du: LOE legeak hitza ekarri zuen, baina UNESCOk 1990ean ere aipatzen zuen jada. "Ez da moda bat", dio argi; bere ustez, arazoa beldurrean dago, ulertzen ez dugunak edo ukitzen ez gaituenak beldurra ematen duelako. "Oso erraza da Down sindromea duen pertsona bat ikustea; baina, adibidez, nahasmendu edo gaitasun batzuekin, Autismoaren Espektroko Nahastea (AEN), Arreta Gabeziaren eta Hiperaktibitatearen Nahastea (AGHN), dislexia batekin..., hasten dira aurreiritzi horiek, eta ez dugu sinesten benetan laguntza behar dutela. Nik uste dut hor dagoela gakoa: ikusten ez duguna ez dugula sinesten", dio.
Floresek azaltzen duenez, inklusioa "bakoitzaren barruan hasten da", borondaterik gabe ez dagoelako ezer egiterik. Bere ustez, askotan pentsatzen dugu baliabide falta edo formakuntza falta direla arazoak, baina aurreiritziak, nekeak eta, batez ere, borondatea dira: "Pena bat da, baina urtero gertatzen zait familia batzuek gauza bera esaten didatela: 'Ea zortea dugun irailean'. Ezin duzu ikasle horien etorkizuna edo hezkuntza zortearen esku utzi. Arriskutsua da hori, oso arriskutsua".
"Pena bat da, baina urtero gertatzen zait familia batzuek gauza bera esaten didatela: 'Ea zortea dugun irailean'. Ezin duzu ikasle horien etorkizuna edo hezkuntza zortearen esku utzi. Arriskutsua da hori, oso arriskutsua".
Azpimarratu duenez, behar-bereziak dituzten ikasleak beti egongo dira; gutxi gorabehera, 25 ikasletik, bi edo hiruk beharrak izango dituzte. "Ez da bakarrik dislexia duen edo gaitasun handiko ikaslea; ikasle batzuen gurasoak bananduta daude, etxean baliabiderik ez dute, edo jateko arazoak dituzte, estresa, suizidio kasuak ere badaude... Egoera ikaragarria da, eta ez gaude prest inklusioari aurre egiteko. Ez gaude prest erantzuteko, eta ez dugu nahi", tamaldu du berak.
Konponbidea erraza ez bada ere, badago gurasoek eskatzen duten eta egin ahal den gauza bat: euren seme-alabei entzutea eta haiek ulertzea. "Ulertzen baduzu zure gelan Hezkuntza Behar Bereziak (HBB) edo Hezkuntza Premia Bereziak (HPB) dituzten ikasle horiek dituzula, seguraski klasea ematen duzun momentuan pizten zaizu hori zeure buruan: 'Honi denbora gehiago emango diot, edo bestelako laguntza bat...'. Hori da lehenengo urratsa, guraso horiei entzutea eta ulertzea eskatzen dutena eskubide bat dela, ez pribilegio bat".
Floresen ustez, askotan, informazio falta da arazo larriena; familia batzuek ez dakitelako benetan zer egiten duten ikastetxean euren seme-alabekaz: Jarduera Plan Pertsonalizatuak (JPP-ak) betetzen dituzten edo ez, eta horiek benetan burutzen dituzten ala ez; izan ere, batzuetan, "betetzeagatik egiten dute, ikuskaritzatik edo Berritzegunetik eskatzen dutelako". Horregatik, gurasoak kontuan ez hartzea eta informazioa ez partekatzea ere arazoa da. Floresek gaineratu duenez, diagnostikoa garrantzitsua bada ere, oso anitza denez, batzuei gauza bat oso ondo datorkie eta beste batzuei ez; eta horrek argi uzten du familiekaz hitz egin behar dela beti.
Gainera, ezin dugu ahaztu diagnostikoekaz sortu daitekeen arazoa: batzuetan ez dela sakonagora joaten. "Normalean gertatzen da edonork esaten duela: 'Nik uste dut ikasle horrek zeozer daukala'; eta diagnostikoa heltzen denean: 'Banekien'. Bai, baina zuretzat lagungarria da diagnostiko hori? Hau da, irakasleok tratatu behar ditugunak sintomak dira. Adibidez, arreta-gabezia badauka, zer egin dezaket horrekin? Denbora gehiago emango diot, edo, adibidez, irudiak jarriko ditut testuak interpretatu ezin baditu. Era berean, AEN badauka, diagnostikoarekin ahalik eta hoberen ulertuko duzu pertsona horren arazoa? Bai, baina zuk sintomak tratatu behar dituzu. Dislexiarekin berdin; deskodifikatu behar duzu. Diagnostikoak beharrezkoak dira –ezinbestekoak, batez ere, baliabideak emateko–, baina, gero, irakasle gisa, sintomak tratatu behar dira. Diagnostiko hori xehatu behar duzu: zailtasunak non dituen ikusi, zeintzuk diren, baita bere indarguneak ere. Eta horrekin hasi".
"Zenbat aldiz esaten dugu: 'ez izan mongoloa', 'atzeratua zara', 'autista moduan dago', 'ez izan down', etab. Umeek, entzuten dute, eta normaltzat hartzen dute. Gure errua da".
Gainera, tamaldu duenez, askotan arazoa gurasoek sortzen dute; umeak txikiagoak direnean normaltzat hartzen dute besteen behar-bereziak; beraz, aurreiritziak etxean entzuten edo ikusten dutena eskolara eramaten dutenean hasten dira; gurasoen hitzak haurretan islatzen direlako. Izan ere, dioenez, guraso batzuk eskolara heltzen dira esanez: "Beste ume horren azterketa errazagoa da", eta euren seme-alabek hori entzuten dutenean, errepikatzen dute. "Umeek normalean entzuten eta ikusten dutena egiten dute", gaineratu du, zera gehituz: "Zenbat aldiz esaten dugu: 'ez izan mongoloa', 'atzeratua zara', 'autista moduan dago', 'ez izan down', etab. Horrelako hizkuntza erabiltzen dugu, eta, haiek, umeek, entzuten dute, eta normaltzat hartzen dute. Gure errua da".
Urteak igarota, berak argi dauka: "Lehenengo, familiei ahotsa eta lekua ematea garrantzitsuena da; haiek zer eskatzen duten eta zer aldarrikatzen duten entzun. Gero, formakuntza eta sentsibilizazioa. Irakasle guztien aurrean guraso batzuk jarri eta benetan zer eskatzen duten ikusi edo zer beldur dituzten ulertu. Egokitzapenak egitea ez da pribilegio bat; benetan dagokiena da".