"Berehalakotasun politikoaren dramak, gizarte kontsumistek ere bultzatuta, hauteskunde-interesei erantzuteko epe laburreko hazkundea sortzeko beharra eragiten du. Gobernuek ez dira erraz arriskatzen herritarrak haserrearaztera, kontsumoari eragin diezaioketen edo atzerriko inbertsioak arriskuan jar ditzaketen neurriekin. Boterea eraikitzeko miopiak eragotzi egiten du ingurumen-agenda ikuspegi zabal batekin txertatzea gobernuen agenda publikoan. Horrela, ahaztu egiten da denbora espazioa baino gorago dagoela, eta beti garela emankorragoak prozesuak sortzeaz arduratzen garenean botere-espazioak menderatzeaz arduratzen garenean baino. Handitasun politikoa une zailetan erakusten da, printzipio handien arabera eta epe luzerako guztion ongian pentsatuz jokatzen denean. Botere politikoari asko kostatzen zaio betebehar hori bere gain hartzea nazio-proiektu batean".
Frantzisko aita santuak esana da, guztion etxea zaintzeari buruzko Laudato Si entziklikan eta honela jarraitzen du: "Ekosistemak zaintzeak berehalakotasunetik haratago doan begirada eskatzen du; izan ere, etekin ekonomiko azkar eta erraza baino bilatzen ez denean, inori ez zaio interesatzen horiek zaintzea. Baina arduragabekeria berekoiak eragindako kalteen kostua lor daitekeen onura baino askoz handiagoa da. Horregatik, bidegabekeria izugarrien lekuko mutuak izan gaitezke, etekin handiak lortu nahi direnean egungo eta etorkizuneko gainerako gizadiari ingurumen-degradazioaren kostu izugarriak ordainaraziz".
Herri honen mobilizazioak zentral nuklearrak inoiz ez funtzionatzea lortu zuen, baina triskantza eginda zegoen jada, eta gaur, 50 urte geroago, oraindik konpondu gabe jarraitzen du.
Seguruenik, herri honetako enpresa-boterea eta elite ekonomikoak ordezkatu eta defendatzen dituen EAJren sektoreari ez zaio asko interesatzen Frantzisko "komunistak" esan zuena; horregatik, Benedikto XVI.ak "munduko ekonomiaren disfuntzioen egiturazko kausak ezabatzera eta ingurumenarekiko errespetua bermatzeko gai ez diruditen hazkunde-ereduak zuzentzera" egindako gonbidapena gogoraraziko diet.
Duela 50 urte zentral nuklear bat inposatu ziguten, eta 200 hektareako naturagune paregabea suntsitu: itsaslabarrak, senadiak, errekak, basoak eta sakabanatutako baserriak zituen landazabal atlantikoak osatutako ingurunea, historian errotutako landa-komunitate bat eratzen zuena, zein erbesteratze mingarrienera behartua izan zen.
Herri honen mobilizazioak zentral nuklearrak inoiz ez funtzionatzea lortu zuen, baina triskantza eginda zegoen jada, eta gaur, 50 urte geroago, oraindik konpondu gabe jarraitzen du. Ez da inoiz berdina izango, baina ezer egin ezin den ideia faltsuaren aurrean, Lemoizko Etzandarri Mendi Taldeak baietz dio, egin daitekeela.
Zentralaren inguruko derrigorrezko despopulazioak eta baserrien desagertzeak atea ireki zion ehunka hektarea eukaliptoz azkar basotzeari, gutxi batzuei apenas aberastasunik ekartzen dien eta, aitzitik, ingurumen-degradazioaren kostu izugarriak dakartzan baso-politika arduragabe batek bultzatuta.
Izugarrikeria bat, azken finean, nahi duten bezala mozorrotzen badute ere. Benetan nahi dugu hau Lemoizen?
Inguruko biztanleria erbesteratuta, eraginkortasun bako udal batean, oposizio barik, zabortegi bat jarri ziguten, eta segidan hasi zen bertara lindanoa iristen kontrolik gabe. Orain interkonexio elektriko bat egin behar da Europarekin. Kasualitatea, zentral nuklearraren aurretik ateratzen da itsasora, lurreko azken kilometroak zentralaren lurretatik igaro ondoren eta haren exekuzioa benetan negargarria izaten ari da; izan ere ingurumen-arau-hauste larriak egiten ari dira.
Eta erremate gisa, ingurune naturalari lapurtu eta aldatu zitzaion guztia itzuli eta Lemoizko zentral nuklearrak hartzen duen eremu osoa naturagune babestu izendatu beharrean —Lemoizko Etzandarri mendi taldeak planteatzen duen bezala—, Mercadonarentzat mihi-arrain merkeak ekoizteko arraintegi industrial bat eraikiko dutela esaten digute.
Inork eskatu ez duen eta ezertarako behar ez dugun arrain-haztegi bat eta Franciscok eta Benediktok salatzen zuten bezala, gutxi batzuei baino ez aberastu eta lan-prekaritatea eta ingurumen-kostu izugarria ekarriko duena. Arrain-haztegiek eragin negatibo larriak sortzen dituzte. Zikinkeriaz, hatsaz eta kamioien joan-etorriaz gain, arrainen gorotzak eta janari-hondarrak itsas hondoan pilatzen dira parasitoen eta gaixotasunen agerrera errazten eta arrain basatien populazioa arriskuan jartzen. Gaixotasunak kontrolatzeko pestiziden erabilera masiboak ura kutsatzen du. Arrainen hilkortasun-tasa oso altua da eta lesio fisikoak, infekzioak eta malformazioak ohikoak dira eta hilketa-metodoak benetan krudelak dira.
Izugarrikeria bat, azken finean, nahi duten bezala mozorrotzen badute ere. Benetan nahi dugu hau Lemoizen? Benetan behar dugu hau Lemoizen?
Eta oposizioko alderdi politikoek, zer?
Bereziki EH Bilduk, bere konpromiso historikoagatik eta gaur egun Lemoizko udalean gobernatzen duelako, zer?
Bertako politikariek autokritika egin lezakete ekologismoarekin konprometituen dauden egungo ezkerreko pentsalariak irakurriz, ekosozialismoarekin, desazkundearekin eta ekologia politikoarekin lerrokatuta daudenak.
"Klase politiko globalak bakezaletasun estrategikoko egoera bat eta lobby ekonomikoen aurreko menpekotasuna jasaten ditu" (Andreas Malm).
"Ezker moderatuko eta sozialdemokraziako gobernuak BPGaren diktaduran harrapatuta daude, Hego Globala esplotatzen jarraitzen duen trantsizio ekologiko bat aginduz" (Jason Hickel).
"Politikari aurrerakoiek garapen jasangarriko helburuen diskurtsoa “Herriaren opio” berri gisa erabiltzen dute" (Kohei Saito).
Aukeratu egin behar du, arrain-haztegia ala naturagune babestua; eta bestela, aurkez diezagutela beren proposamena, eta ez daitezela ezkutatu, premiazko berreskuratze ekologikoa atzeratzen jarraitzen duen partaidetza-prozesu batean.
Eta Lemoizko herriak, zer?
Bada, nire bizilagunei ere aukeratzeko ordua heldu dela esaten diet: arrain-haztegia ala naturagune babestua; eta naturagune babestuaren alde eginez gero, ahotsa altxatzeko, exijitzeko eta mobilizatzeko ordua heldu da.
Eta Lemoizko herriak, zer? Bada, nire bizilagunei ere aukeratzeko ordua heldu dela esaten diet.
Urte hauetan guztietan ikusi dut oso errotuta dagoela bizilagunen artean, udalerriaren ingurumen-degradazioa gaitz txikiagotzat onartzen duena, kanpotarren inbasiotik babesten gaituelakoan. Lemoizi lotutako estigma negatiboa, hedabideek lau haizeetara zabaldutakoa, Lemoiz ikusezin eta mapatik kanpo mantendu duen estalkia izan da urteetan zehar; bizilagun askok egoera hori onartu dute, eta mesfidantzaz begiratzen diote Lemoiz berriro mapan jar dezakeela uste duten edozein gauzari. Akats izugarria da.
Lemoizko itsaslabarren eta zentral nuklearraren naturaguneak baldintza ekologiko, paisajistiko, geologiko, historiko, antropologiko eta kokapeneko baldintzak soberan betetzen ditu naturagune berezi babestu gisa katalogatzeko eta erraza izango litzateke, kontuan hartuta titulartasun publikoko lurzoruez ari garela. Gainera, naturagune babestu izendatzeak gure historiako kapitulu hau behin betiko ixteko beharrezkoak diren memoria-, erreparazio- eta justizia-irizpideak ere beteko lituzke.
Horregatik, nik argi daukat.
Arraintegirik ez! Naturagune babestua bai!
Iosu Alberdi Balzategi
Lemoizko Etzandarri Mendi Taldea