Pradalesek nabarmendu duenez, zentral nuklear zaharra desegitea bideraezina da, izan ere, 8 milioi metro kubiko zementu eta 1.000 tona burdin ditu, eta, horregatik, "beste zerbait" eraiki gura dute bertan: akuikultura-zentro integrala. Berak eta Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak azaldu dutenez, helburua ez da arrain-haztegi sinple bat, baizik eta arrainaren balio-kate osoa hartuko duen zentro bat, genetikatik hasi eta transformazioraino.
Aquacría Basordas enpresa esleipendunaren eskutik, Lemoizek arrainaren ekoizpenaren ziklo osoa hartuko luke: genetika, hazkuntza, gizentzea, prestaketa eta lenguaduaren transformazioa. Zentroak urtean 3.000 tona lenguadu ekoizteko gaitasuna izango duela aurreikusten da.
Azpimarratu dutenez, proiektu honek elikagaien sektorea indartzea du xede, akuikultura eredua bultzatuz, ozeanoak agortu gabe proteina eskaintzeko modu efizienteena dela iritzita. Ildo horretan, AZTI zentro teknologikoak funtsezko papera jokatuko du horretan, arrainen hazkuntzan, uraren birzirkulazio sisteman (RAS), nutrizioan eta trazabilitatean aditua den aldetik.
Proiektua faseka garatuko dela iragarri dute. lehenik, 2027an lan nagusiakaz hasiko lirateke, azpiegitura eraikitzeko. 2029an, lehen lenguaduak hazten hasiko lirateke, eta, azkenik, 2030ean, Made in Euskadi zigilua duten arrainak merkaturatzen hasi gura dituzte. Daborduko adierazi dute martxan daudela lehen lanak, eta Azpilur Euskadik kudeatuta, otsailetik ari dira dikea konpontzen, etorkizuneko konplexuaren operazio-baldintzak bermatzeko.
Gaur egindako iragarpenean azaldu dute ekimena ez dela ekoizpenera mugatuko; unibertsitateak, ikerketa-zentroak eta bioteknologia-enpresak elkartuko dituen gune bat ere izango da. Guztira, 170 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute datozen hamar urteetarako, eta 200 lanpostu zuzen eta goi-mailako kualifikaziokoak sortzea espero da. Pradalesen hitzetan, "agroelikagaien sektorea planetako proiekzio handiena dutenetako bat da", eta Lemoiz, itsasorako sarbide zuzenagatik eta dituen azpiegiturengatik, kokaleku optimoa da proiektu industrial honetarako.
Eskualdeko udalerriak, proiektutik kanpo
Zentralaren inguruko herrietako udal-ordezkariek azaldu dutenez, Lemoizko zentral zaharraren ingurua berrezartzea "aukera historikoa" da ingurumen horretako natur-gunea berreskuratzeko. Hori dela eta, 2025eko ekainetik ari dira Eusko Jaurlaritzari "gobernantza kolaboratiboa" sustatzeko eskatzen, baina, oraingoz, ez dute erantzunik jaso.
Hala, aurreko otsailean, Uribe Kostako Mankomunitateko kiden hainbat udalerritako alkateek zentral nuklearraren etorkizuna erabakitzeko prozesu bat zabaltzeko eskatu zuten. Gaur bertan, eskaera hori Eusko Legebiltzarreko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Batzordean eztabaidatzeko eskaera formala egin dute. Bakio, Fruiz, Gatika, Meñaka, Gorliz, Lemoiz, Sopela eta Urdulizko udalek egin zioten eskaera Pradales lehendakariaren gobernuari , prozesua abiatu zezan, baina ez zuten horren erantzunik jaso.
"Zentralaren eta haren ingurunearen etorkizunari buruz herritarrek ere parte hartzeko eta iritzia emateko aukera izan dezaten eskatu nahi dugu", adierazi dute udal ordezkariek. Gaineratu dutenez, helburu nagusia da, Aquacría Basordas egitasmoaz gain, gune osoaren etorkizuna "aktibazio komunitarioaren" bidez artikulatzea. Udalen ustez, ezinbestekoa da "herritarren, gizarte-eragileen eta hainbat diziplinatako teknikarien eta adituen ahotsak" entzutea, duela hamarkadak erabilerarik gabe dagoen gune sinboliko honi irtenbide "integrala eta partekatua" emateko.