Krisi ekonomikoa dela eta, Plentziako ikastetxeetara joateko hainbat eskola-autobus eskaintza bertan behera utzi dituztela jakinarazi du Nerea Larrinaga IGEko lehendakariak. Azaldu duenez, egoera horren ondorioz hainbat ikaslek oinez joan behar izaten dute eskolara. Hori dela eta, inguru horretan istripuak jazotzeko aukerak ugariak direla salatu du.
Horren guztiaren aurrean, eta arazo hori ebazte aldera, bertan behera utzitako autobus-zerbitzua berrabiatzeko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari. Erantzunik jaso ez dutenez, eskari bera eginez beste gutun bat helarazi diote Eusko Jaurlaritzari, oraingoan Independienteak, EAJ eta EH Bildu alderdi politikoen babesagaz.
Idazkian gogoratzen dutenez, egoera asko okertu da eskola-garraioak murriztu zituztenetik. Horren adibide da, esate baterako, urtarrilean metro-geltokiaren inguruan auto batek institutuko neska bat harrapatu izana. Neska horrek ezin izan ei zuen autobusa erabili aipatutako murrizketen eraginez.