Danontzat gaztetxearen "normalizazioa" ospatuko dute ekainaren 13an

Iker Rincon Moreno 2015ko eka. 3a, 10:40

Negoziazio luze batzuen ostean, Plentziako Udala osatzen duten alderdi politiko denen onarpenagaz, Danontzat gaztetxean "behin betiko" geratzea lortu dute gazteek. Proiektuari “forma eman eta egia bilakatu” duten guztiei eskerrak emateaz gainera, gaztetxeko kideek egoera berri hori ospatzeko jaia antolatu dute ekainaren 13rako.

Danontzat gaztetxeko kideek zabaldutako oharra:

Duela hamar urte Plentzia eta Gorlizko gazte talde batek Kristoko Ermitaren sarraila hautsi zuen, bidai luze bati hasiera emanez. Kristoko gaztetxetik Ingumara, Ingumatik Itsasondora, Itsasondotik Ermitatzera eta azkenik, Ermitatzetik Danontzat gaztetxera. Bidaia gogorra bezain polita izan da, salaketak tartean, hainbatetan noraezean, bestetan helburua ipar, baina era batean edo bestean aspaldi jarritako hazia behingoz loratu da.

Ermitatze hustu ostean proiektuari jarraipena emateko beharra ikusi eta ontzi gela izan zeneko lokala okupatzea erabaki genuen. Nahiz eta Udalarekin izan dugun harremanean gorabeherak egon diren, urte bi hauetan kontaktu iraunkorra mantendu izan dugu. Azkenik, negoziaketen ostean Udala osatzen duten alderdi politiko denen onarpenagaz Danontzat gaztetxea behin betiko utzi dezaten lortu dugu. Hau da, gaztetxearen egoera normalizatzea lortu dugu.

Bidai luze honetan asko izan dira egiten genuena ezertarako balio ez zuela esan dutenak, baina lortutakoa kontrakoa adierazten du. Jakin badakigu gaztetxeak ez duela konponduko gazteok pairatzen dugun egoera ankerra, baina etsipenaren aurrean ezina ekinez lor daitekeela gogorazten digu. Gaztetxearen eredua izan izar, borrokatuz edozein egoerari buelta emateko gai garela erakutsi dugu.

Bukatzeko zorionak eta eskerrak eman gura dizkizuegu amesten genuen proiektuari forma eman eta egia bilakatu duzuen guztioi; babesa erakutsi diguzuen elkarte zein herritarrei, Gorliz eta Plentziako gazte koadrila guztiei, ekintza ezberdinetan parte hartu duzuenei, hizlariei, tailerrak eman dituzuenei, musika talde, teknikari zein artista guztiei, eta guretzat eredu izan zareten Euskal Herriko gaztetxeei. Eta aipamen berezia bidelagun izan dugun Okupazio Bulegoari.

Zoriontzeaz gainera, ekainaren 13an egoera berri hau ospatzeko antolatu dugun jaian parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, garaipena denona baita. Ez ezazue ahaztu zuen parte hartzeak mantentzen duela Danontzat Gaztetxea bizirik.

Gogora ekarriko ditugu aspaldi esandako hitzak: Gazteri antolatua gara, hitzaldira doan pertsona gara, desadostasuna eta errebeldia gara, urtebetetzeak antolatzen dituzten umeak gara, herriko musika taldeak gara, koadrila ezberdinetako kideak gara, ametsak eta amets gaixtoak gara, politika gara, alaitasuna eta jaia gara, gitarra eta bateria gara, parte hartzen duten elkarteak gara, gazte mugimendua gara, jaiak prestatzeko espazioa erabiltzen duten koadrilak gara, kritika eta autokritika gara, elkarbanatutako ezberdintasunak gara, irla linguistikoa gara, iradokitako ekimenak gara, pertsonak gara, herria gara, Gorliz gara, Plentzia gara, Danontzat gaztetxea gara, argi gera dadila!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun