Plentziako dozena bat familia inguru inkomunikatuta daude astelehenetik euren etxebizitzetara ailegatzeko bide bakarrean, Junkera Bidean, jazotako lur-jausi garrantzitsu baten ondorioz. Horren aurrean, Udalak ordezko bide bat egokitzea aurreikusi du, Gorliz aldean.
Junkera Bidearen ia erdia, Gandia aldean, desegin da azken egunotan jazotako euri-jasa gogorren ondorioz. Alkateak eta inguruko auzokideek uste dute errepide hori "desegiten" jarraituko dela, inguruan ez dagoelako arroka finkorik, buztina baizik. Ondorioz, ura sartzen jarraituko dela ohartarazi dute, arrakalak zabalduz.