Plentziako "Titanic"-a

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 30a, 12:06

"Principe de Asturias" lurrunontzia.

"Principe de Asturias" lurrunontziaren gaineko erakusketa ipini du Plentziako Plasentia Butron museoak. Garaiko bapore handienetakoa izan zen, Brasilgo kostaldean hondoratu zen arte; hona hemen bere historia.

Ehun urte bete dira aurten, "Principe de Asturias" lurrunontzia Brasilgo kostaldean hondoratu zenetik. Garai hartan, 1916an, Espainiako merkataritza-ontzidiaren transatlantikorik handiena zen Principe de Asturias, "Infanta Isabel" ontzi-bikiagaz batera. Pinillos ontzi-enpresakoak, biak. 1914ko apirilaren 30ean itsasoratu zuten "Principe de Asturias", Cadizeko matrikulagaz. Luxu handiko itsasontzia zen; garaiko segurtasun-neurri berrienak zituen, eta lehenengo klaseko 150 bidaiari, bigarren klaseko 120, bigarren ekonomikoko beste 120, eta hirugarren klaseko 1.500 pertsona hartzeko lekua zeukan. Hura gobernatzeko, 193 tripulatzaile beharrezkoak zituen, gainera; horietatik, ehuneko handi bat bizkaitarrek osatzen zuten, Gorliz eta Plentzia ingurukoek, batez ere. Hala, "Principe de Asturias" lurrunontziaren agintean, Jose Lotina Abrisqueta plentziarra ibili zen: Pinillos ontzi-enpresako 44 urteko eskarmentu handiko kapitaina. Zubiko lehenengo eta bigarren ofizialak Alejo Gardoqui (lurrunontziaren azkenengo bidaian deskantsurako baimena zuen) eta Rufino Onzain plentziarrak ziren, hurrenez hurren; makinetako nagusia, berriz, Dionisio Oñate Torrontegi gorliztarra.

Lurrunontziak abuztuaren 16an ekin zion lehenengo aldiz Ozeano Atlantikoa zeharkatzeari. Principe de Asturiasek Espainia eta Hego Amerika arteko zeharkaldiak egiten zituen, eta Buenos Aires, Montevideo eta Rio de Janeiron gelditzen zen, besteak beste. Hala, Trasatlantica konpainiagaz batera, Pinillos ontzi-enpresaren bi lurrunontzi bikiek «berreskuratu» zuten Espainiar Estatuaren eta Hego Amerikaren arteko itsas bidaien eta garraioaren hegemonia.

Pinillosen bandera-ontzia 1916ko otsailaren 17an abiatu zen azkenengoz Bartzelonako portutik Buenos Airesera. Bide hori egiten zuten garaiko marinelek beldurra zioten San Sebastian uharteko Punta do Boiko (Brasil) itsasargiari, Europatik hurbiltzen ziren ontziek arazo ugari zituztelako hura ikusteko, Pirabura lurmuturreko arrokek itsasargia estaltzen zutelako. Itsasargiak ahalmen txikia zuen, gainera; lainoa zenean, ia ezinezkoa zen haren argia ikustea.

Martxoaren 3az geroztik, ontzia balioespen hutsez nabigatzen zebilen, aurreko eguneko eguraldi txarrak ezinezkoa egiten baitzuen ontziaren norabidea zuzentzea. Martxoaren 5eko goizalderako, lurrunontzia Brasilgo kostaldean zegoen; aurretik gau lainotsua eta euritsua izan zuten, eta itsasoak zatar jotzen zuen, hego-mendebaldeko haize gogorragaz. Eguraldi txarraren eta ur-korronte gogorren ondorioz, ontzia aurreikusitako bidetik kanpo zegoen, kostaldetik milia gutxira. Halako batean, marinelek argi-distira bat ikusi zuten brankan, eta bigarren distira ikustean, errealitate gordinaz konturatu ziren: itsasargia aurrez aurre zuten, milia batera baino gutxiagora. Ontziak 10 korapiloko abiadura zeroan; Piraburako uharrien kontra zihoan zuzen-zuzen.

Lotina kapitainak aginte-telegrafoa hartu, «atzera guztia!» agindu zuen, eta ontzizainari, berriz, «dena ababorrera!» egin zion oihuka. Halere, alferrik: goizeko 04:15ean "Principe de Asturias" ontziak uharrien kontra jo zuen, Punta do Boitik milia eta erdira. Harri zorrotz batek arraildu zuen transatlantikoaren behealdea. Kontua horrela, ate hermetikoak ixtea, salbamendu-ontziak itsasoratzea eta SOS mezuak bidaltzea agindu zuen kapitain plentziarrak. Talka oso bortitza izan zen. Ontziaren hondoa brankatik poparaino arraildu zuen; segundo gutxira, branka ur-azpira, eta popak gora egin zuen; helizeak, uretatik kanpo biraka. Ura ontzian sartzen hasi zen; galdara-aretora bortitz sartu, lurrun-galderak lehertu, eta itsasontzia energia elektriko barik utzi zuen. Ondorioz, ezin zuten larrialdi-mezurik igorri irratiz. Eztandek, gainera, bigarren eta hirugarren klaseko geletan suteak eragin zituzten; "Principe de Asturias" ontziaren barrualdea labirinto kaotikoa zen ordurako. Hondoratzeko 5 eta 10 minutu artean baino ez zituen behar izan lurrunontziak. Tarte horretan salbamendu-ontzi bakarra itsasoratu ahal izan zuten tripulatzaileek. Horrenbestez, Brasilgo itsasoak luxuzko ontzian harrapatuta irentsi zituen bidaiari gehienak. Ez dago ziurtatzerik zenbat jende zegoen "Principe de Asturias" ontziaren azkenengo bidaian. Hala ere, datuen arabera, bidaiari eta tripulatzaileen kopurua 588koa zen (193 marinel eta 395 bidaiari). Horietatik, 143 bakarrik salbatu ziren: 86 marinel eta 57 bidaiari; guztira, 445 hildako.

Dionisio Oñate marinel gorliztarra itsasoan hil zen, familia-lagun bati laguntzen ahalegintzean. Rufino Onzain zubiko bigarren ofizialak, berriz, itsasoratutako salbamendu-ontzi bakarraren agintea hartu, eta 100 bidaiari baino gehiago salbatzea lortu zuen. Jose Lotina kapitain plentziarra, azkenik, zubian gelditu zen; ezinezkoa egiten ahalegindu zen, harik eta olatu batek beragaz eroan zuen arte.

Ustea zen "Principe de Asturias"-ek ez zuela izango hondoratzeko arriskurik, "Titanic" transatlantiko britainiarraren antzera, konpartimentu hermetikoak eta hondo bikoitza zituelako. Alabaina, ontzi ingelesak 1912an egin zuen bezala, Bartzelonatik irtendakoak garaiko pertsona dirudun eta famatu ugari itsasoaren hondora eraman zituen, baita bizitza hobe baten bila eta 1. Mundu Gerratik ihesi zihoazen ehunaka immigrante ere.

Tripulazioa, bidaiariak eta karga

Hainbat ikerlarik diotenez, itsasontzian ezkutuko 100 bidaiari zihoazen; beste batzuen esanetan, ordea, gerratik ihes egin gura zuten 1.000 ume zihoazela, italiarrak batez ere. Hala eta guztiz ere, datu horiek ezin dira egiaztatu, Trasatlantica eta Pinillos konpainiek inoiz ez dute-eta onartu gura izan bidaiari klandestinoak zeroatzatenik. Alabaina, Bartzelonatik irten zenez, arrazoizkoa denez, "Principe de Asturias" ontziaren azkenengo bidaian katalan ugari zeuden. Ostera, bitxia izan daiteke bidaiarien %30 euskaldunak izatea. Horien artean, luxuzko klasean, Agirre familia dirudun donostiarra zihoan; Montevideon bizi ziren; klase horretan, halaber, honako abizenak aurki zitezkeen zerrendan: Jauregi, Urtiaga, Egiguren, Ordogi, eta abar. Lehenengo, bigarren eta bigarren klaseetan ere, Hernandez Larriaga familia eibartarra, eta Lara Basañez familia eta Homero Inchaustieta algortarrak zihoazen, Txilera heldu guran. Garai haietan, ohikoa ei zen transatlantiko handien bidaiarien artean euskaldun ugari egotea, Hego Amerikarako bidaietan, batez ere. Izan ere, diotenez, XX. mendearen hasieran, euskaldunek zuten ahalmen ekonomikorik handiena, madrildarrakaz eta katalanakaz batera.

Horrez gainera, aipatu den legez, ontzia gobernatzen zutenen ehuneko handi bat bizkaitarra zen, eta horietako asko Gorliz eta Plentzia ingurukoak, batez ere. Hainbat ikerlarik dioenez, baliteke ontzidi-enpresa handiek itsasontzi garrantzitsuen agintea euskaldunei eman izana, Euskal Herriko dirudunak itsasontzietara erakartzeko.

Bestalde, bidaiariak eroateaz gainera, zama garraiatzeko aproposa zen lurrunontzia. Hala, besteak beste, eztainu, berun, burdin eta kobrezko lingoteak zeroatzan baporeak. Halaber, azkenengo bidaian, 800 kilogramo baino gehiagoko 20 estatua zeramatzan: Buenos Aireseko independentziaren ehungarren urteurrena ospatzeko erabili asmo zituzten estatuok. Horrez gainera, dokumentaziorik egon ez arren, esaten zen itsasontziak urre-kantitate handia eroan zuela, gariaren inportazioagatik gobernu argentinarrari emateko edo ordaintzeko. Gainera, zamazainaren kutxa gotorrean, lehenengo klaseko gizon-emakumeen bitxiak gordetzen zituzten, hamaika milioi pezetako balioa zutenak, diotenez. Hala bada, zama horren balioak altxor-bilatzaileen arreta isiotu izan du, eta lurrunontzia hondoratutako inguru hura murgiltzeko oso arriskutsua izanda ere, "Principe de Asturias" baporea espoliazioaren helburu izan da urte askotan.

Ahanzturan

"Principe de Asturias" ontziaren hondoratzea zurrumurru eta kondairaz inguratuta egon da urteak joan, urteak etorri. «Titanic espainiarra» ezizenagaz ezaguna zen ontzi hura. Hala ere, 1. Mundu Gerraren ondoren, ahaztu egin zen haren gomuta. Izan ere, prentsa anglosaxoiak gaia alboratu ostean, zelanbait ahanzturan lotu zen 1916ko naufragio hura.

Baina ezin ahaztu hondoratzearen zergatiak hainbat espekulazio izan dituela mende osoan. Hainbaten arabera, lurrunontziari torpedo bategaz eraso zioten; beste batzuen ustez, tripulazioaren zabarkeriaren ondorioz izan zen, aratusteak ospatzeko jaialdia egin ostean izan ei zen... Hala ere, litekeena da eguraldi txarrak eta iparrorratzaren desbideratzeak izatea errua.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun