Elkarrizketak

Ainara Santamaria Barinagarrementeria: "Euskara ez da sexista; erabilera, ordea, bai"

Kepa Ugarte Martiarena 2017ko mar. 4a, 12:00

"Euskara hizkuntza sexista al da?" izenburua ipini diote kafe-tertuliari; Plentzia eta Gorlizko Euskara Agendak antolatuko du, astelehenean. © AINARA SANTAMARIA

Ainara Santamaria Barinagarrementeriak (Berriatua, 1988) genero-gaietan adituak parte hartuko du asteleheneko kafe-tertulian, Plentziako Goñi Portal kultur etxean, martxoaren 6an. Saioa 19:00etan da. Kazetaritza- eta genero-ikasketak egin zituen Santamariak. Bere ustez, "egiten dugun euskararen erabilpenaren arabera, parekideagoa edo sexistagoa izango da euskal hiztun moduan sortzen dugun errealitatea".

Euskara hizkuntza sexista da?

Nik esango nuke hizkuntza ez dela sexista, erabilera baizik. Gure hautaketan dago akatsa, ez hainbeste euskaran; hizkuntzan baino, guregan ipiniko nuke ardura.

Zeintzuk dira horren adibideak?

Berbarako, beti pentsatu izan da euskara ez dela beste hizkuntza batzuk bezain sexista; azken finean, hitz askotan ez dauka maskulinoa eta femeninoa adierazteko marka. Baina, hitanoari dagokionez, generoen arteko bereizketa egiten da. Horrez gainera, berbaera hori erabili nahi denean generiko moduan, maskulinora jotzen da askotan. Bestelako berbetetan ere ‘gizon’ sarritan erabili izan da generiko moduan. Irainen artean, berriz, inork ez dio "zakil" deitzen beste bati; baina, 'alu' hitza askotan erabiltzen da, horrek daukan konnotazio denekin. 'Puta' berba ere zenbatetan darabilgu ahoan? Edo "joan zaitez popatik hartzera" esamoldea?

Hiztunek zein jarrera izan beharko lukete euskaran sexismoa saihesteko?

Askotan maileguak hartzen ditugunean, genero bereizketa hori egiten dugu. Adibidez, euskaraz, 'alkate' hitza berdin-berdin erabiltzen da emakumea edo gizona izendatzeko. Baina, hiztun batzuengan badago joera "alkate/alkatesa" bereizketa egiteko. Ni "-sa" atzizkidun berba horiek guztiak saihesten ahaleginduko nintzateke; nik neutroaren aldeko apustua egingo nuke. Bestalde, hitanoa erabili behar denean, badago bi markak barnebiltzen dituen forma; esate baterako, "esank ozenki". Bitartean, "aitona-amona" esaten dugu beti; kontua da sarritan, euskaraz, laburragoa den berba aurretik ipintzen dela. Modu berean, hitz berdineko silabetan maskulinoa beti aurretik doa: inork ez du esaten "amona-aitona"... Batzuetan, berbei buelta eman beharko genieke, ia horrek gure buruetan arrakala eragiten duen. Erabilera ez sexista baten aldeko hautua egin beharko lukete hiztunek.

Sexismoa hizkuntzatik bertatik borrokatzen hasteari zelako garrantzia ematen diozu?

Garrantzia handia! Azken finean, beti esaten da hizkuntza bat gizarte baten isla dela; nik gaineratuko nuke mintzaira batek gure pentsamendua eta mundu ikuskera bera egikaritzen dituela. Nire ustez, gero eta berbaera ez sexistagoa erabiliz, orduan eta mundu-ikuskera parekideago bat eraikitzen joango gara. Egiten dugun euskararen erabilpenaren arabera, parekideagoa edo sexistagoa izango da euskal hiztun moduan sortzen dugun errealitatea.

Beharrezkoak dira Plentziakoa bezalako ekitaldiak?

Bai. Dauzkagun hutsune horien kontzientzia hartzeko eta denon artean hobetzeko balio dute Plentziakoa bezalako ekitaldiek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun