Herri biak senidetzeaz gainera, Udalak jakinarazi du ekainean espedizio bat egingo dela itsasontziz Ternua eta Labradorren barrena, "kultur ibilbide berri bat zabaltzeko, euskal baleazale eta bakailaozaleek XVI. mendeaz geroztik utzi duten historiari eta ondareari garrantzia emanaz".
Espedizio horrek Placentia bisitatuko du, beste leku batzuen artean, eta bertan sinatu eta ospatuko da Placentia eta Plentziaren arteko behin betiko senidetze-hitzarmena, herri bietako agintari eta herritarrakaz.
Senidetzeko akordioaren oharra, osorik:
1951n, Europako sei herrialdetako alkate eta zinegotziek Europako Udalerrien Kontseilua eratu zuten, tokiko agintaritza autonomoetan oinarritutako Herrien Batasuna sortzeko eta Kontseilu horren bidez Europako bakea, elkartasuna eta oparotasuna sustatzeko hiritarrak elkarrengana hurbilduz.
Senidetzeak definitzen dituen ezaugarrietako bat da Udalek ez ezik, hiritarrek ere paper garrantzitsua jokatzen dutela erabakiak hartzerakoan, eta beren ekarpenak funtsezkoak direla herrien arteko batasunak bere helburuak lor ditzan. Hala izan da gure kasuan, proiektu hau herritarrek bultzatu dutelako beren lan desinteresatu eta arretatsuarekin, eta irmo sinetsirik Placentia eta Plentzia herriek badutela iragan partekatu bat.
Batasun akordio honek oinarritzat ditu bi udalerrien arteko harreman historikoak, XVI. mende hasieratik honakoak gutxienez; halere, elkarrekin partekatzen dugun iragana gogoratzean bereziki azpimarratu nahi dugu bi udalerriok elkarrekin partekatu nahi dugun etorkizuna.
Iragana…
Ziurrenik, arrantza izan zen plentziarren jarduera ekonomiko zahar eta garrantzitsuena. Hain zuzen ere, ogibide hori jasotzen da Hiribilduaren 1299ko hiri-gutunean, eta agiri horixe da balearen arrantzarako jurisdikzio zehatza aipatzen duen lehenengoetako bat: "et terminos para ballenas matar del agua que corre por medio de Barquero fasta Portugalete".
Zetazeoak euskal itsasertzetik desagertu ahala, gure arrantzaleak behartuta aurkitu ziren eremu berriak esploratzera, Ternua eta Labrador bezalako eskualdeetara abiatu zirelarik. Euskal baleazaleen presentziak lorratz ugari utzi ditu lurralde urrun haietan, erruz aurkitu baitira euretan aztarna arkeologikoak, hilobiak, euskaraz idatzitako hilarriak, eta baita ere toponimoak, hala nola Placentia eta Placentia Bay. Baliteke, gainera, anitz milia nabigatu ondoren gure arrantzaleek toki bat aurkitzea orografia aldetik beren jaioterria gogoraraziko ziena.
Oraina…
Oraintsuago, herritar eta tokiko erakunde zenbaitek garatutako ekimenen ondorioz, interesa berpiztu da herri biak elkarrekin senidetzeko. Badakigu 60ko hamarkadan gutun bidezko harremana izan zutela bi herrietako zenbait jendek; 90eko hamarkada amaieran, berriz, Plentziako Udalak posta bidezko harremana hasi zuen berriro, nahiz eta laster eten zen; 2004az geroztik, aipatzekoak dira Sabin Lauciricak eginiko ikerketak eta ekintzak; horiengatik, 2015ean Placentiako Udaleko Historia Sailak “Heritage Award” (Ondarearen Saria) eman zion, “denboran eta espazioan hain urrun kokatutako bi komunitateen arteko lotura estutzeko egindako ahaleginagatik”.
2006an berriro jarri ziren harremanetan bi udalerriak, atzera ere gutun bidez, eta mezu trukada horrek bizirik jarraitu du gaur egunera arte. Gainera, beste mugarri batzuk ere izan dira, aipamen bat merezi dutenak:
2011n, Unai Basurkok zuzendutako Pakea Bizkaia espedizioa Placentian izan zen. Bertan, alkateak egin zien harrera, eta udalerri bietako banderak trukatu zituzten. Gaur egun, Plentziako bandera Placentiako batzargelan dago jarrita, eta haiena gurean.
2016ko urrian gure herria ezagutzera etorri ziren Wayne Power Placentiako alkatea, eta Noella Collins Placentiako turismo zinegotzia.
2017ko ekainean espedizio bat egingo da itsasontziz Ternuan eta Labradorren barrena, kultur ibilbide ireki berri bat zabaltzeko garrantzia emanaz euskal baleazale eta bakailaozaleek XVI. mendeaz geroztik utzi duten historiari eta ondareari. Espedizio horrek Placentia bisitatuko du, beste toki batzuen artean, eta bertan sinatu eta ospatuko da Placentia eta Plentziaren arteko behin betiko senidetze hitzarmena, herri bietako agintari eta herritarrekin.
Horregatik guztiagatik, Plentziako Udalbatzak erabakitzen du:
- Onartzea Plentzia (Bizkaia) eta Placentia (Ternua eta Labrador, Kanada) herrien arteko senidetzea.
- Senidetze Batzordea osatzea, kide hauekin: Plentziako alkate-udalburua, David Crestelo Dominguez jauna (batzordeko lehendakaria); Zutoia Azurmendi Gil andrea, Turismo zinegotzia (udalbatzarkidea); Euskal Alderdi Jeltzalearen udal taldeko ordezkari bat; Plentziako Independenteen udal taldeko ordezkari bat; eta Arantxa Renteria Bilbao andrea (Butroeko Plasentia Museoko presidentea), Sabino Laucirica Villalabeitia jauna, Placentia eta Plentziaren arteko harremanen ikerlaria; eta Aimar Arizmendi jauna (“Euskal balea arrantzaleen aztarnen atzetik” bidaiaren sustatzailea). Batzorde horren helburu nagusia izango da bi herrien arteko lankidetza sustatzea adiskidetasun loturak indartuz eta bi herrien arteko harremanak ugarituz.
- Eskumena ematea alkate-presidente jaunari akordio hauek gauzatzeko behar diren dokumentuak sinatzeko.
- Udalbatzaren akordio honen berri ematea Placentiako Udalari, zeinarekin egin nahi den senidetze hau, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetako Zuzendaritzari eta Espainiako Kanpo Gaien Ministerioari.