Eguerdiko 12:00etan izango da lehenengo saioa, Ontziola plazan, Trapu Zaharra konpainiaren "A cal y canto" ikuskizunagaz. Ondoren, "Femmes" neoaktibista sozial bilakatu diren atso batzuen aldarrikapen-ikuskizunaren txanda izango da. Saio horretaz gozatu gura dutenek Erribera kalera hurbildu beharko dira 13:30ean. Arrastian, Eidabe konpainiak "Sardina freskue!" haurrentzako ikuskizuna taularatuko du, Portuan bertan, 17:00etatik aurrera; antolatzaileek azaldu dutenez, umeek ikuskizunean parte hartzeko aukera izango dute, itsasoko antzinako euskal kantak erabilita. 20:00etan, berriz, Gorka Ganso eta Cecilia Paganinik hitzik gabeko "Walkman" umorezko antzezkizuna eskainiko dute Elizako plazan. Azkenik, Demode Quartet taldeak musikaz alaitutako "Epa!" ikuskizuna taularatuko dute Ontziola plazan, 22:00etatik aurrera. Saio denak kalean izango dira eta sarrera doakoa izango da.
Plentzia Kulturaz egitasmoaren antolatzaileek azaldu dutenez, herria kulturaz "jantzi nahi duen" ekimena da hori, "jendea kulturaz blai busti eta gure herrian kulturaz hitz egitea nahi duena ere bai". Era berean, sortzaileei laguntza eskaini gura die egitasmoak, euren artea auzokideei erakusteko aukera emanez. "Gure herrian kulturak duen garrantzia bultzatzeko marka da Plentzia Kulturaz", aldarrikatu dute.
Udalak sortutako ekimena da Plentzia Kulturaz, eta egutegiko "lehenengo lerroan" jarduera artistikoak jartzeko helburuagaz ekingo diote bideari, herritarren inplikazioa bilatuta. Daborduko Lanbro Beltza topaketa, Mikrofilm Short Festibal eta AgorriJazz jaialdia egin dituzte hiribilduan.