Elkarrizketak

Ander Pardo Hormaza: "Spielbergen film bat imita daiteke jostailu batzuekin"

Kepa Ugarte Martiarena 2017ko aza. 17a, 10:43

Proiekzioa amaitzean, berbaldia egin eta filma egiteko erabili izan dituzten jostailuak eta maketak erakutsiko dizkiete ikusleei. HODEI TORRES

Jostailuak eta maketak erabiliz, Steven Spielberg zinema-zuzendari ospetsuaren "Jurassic Park" filma birsortu gura izan du Ander Pardo Hormazak. "Overrum" gaztelaniaz egindako film laburra bere amaren jaioterrian, Plentzian, estreinatuko du. Hitzordua bariku honetan izango da, azaroaren 17an, 19:00etan, Goñi Portalen. Euskal aktore ezaguna den Mario Pardok ere parte hartu du pelikulan; Ander Pardo zinemagile gaztearen aita da bera.

Zelan bururatu zitzaizun "Overrum" film laburra egitea?

Umezaroaren zatirik handiena Plentzian igaro nuen; nire ama bertokoa da. Hamar urte inguru nituela estreinatu zuten "Jurassic Park"; ondorioz, garai horretako ume gehienei film horretako jostailuak oparitzen zizkiguten. Etxeko lorategian, Isuskitzan, dinosauroekin jolasten nintzen, eta, askotan, konturatu barik, begietako bat itxi egiten nuen, planoak eta perspektibak bilatu nahian. Behin, zera pentsatu nuen: ondo legoke jostailu hauekin film bat egitea. Eta ideia hura hazi naizen artean buruan eduki dut.

Hollywoodeko produkzio handiei gorazarre egin gura diezu film honegaz.

Bai. Film horiek eragin dizkiguten zirrarak gogora ekarri nahi ditut.

Spielberg imita daiteke jostailuakaz?

Kar, kar. Ikusleek erantzun beharko diote horri; baina, nire uste apalean, posible da. Gainera, pelikula ikusteko aukera izan duten pertsona gutxi batzuek ere esan didate jostailuekin Steven Spielbergen "Jurassic Park" filma imitatzea lortu egin dudala.

Zeini begirakoa da "Overrum"?

Gustuko nuke esatea edozein adineko ikusleei zuzenduta dagoela; baina, seguru asko, nerabeak eta 10 urte inguruko umeak dira filmaz gehien gozatuko dutenak. Horiez gainera, "Jurassic Park" estreinatu zenean umeak ziren gaur egungo 30 urte inguruko lagun denek ere gustukoa izango dute.

Helburu didaktikoa dauka filmak?

Nagusiki, entretenitzeko abentura bat da. Baina, egia da, antzerki-irakaslea naizen aldetik, zeozer irakasteko asmoa ere badaukala "Overrum" film laburrak. Pelikula oso ikusgarria da, akzioz eta efektu bereziz beteta dago. Baina, ondo begiratzen badiozu, efektu horiek denak "etxeko erremedioekin" eginda daude. Hain zuzen ere, hori da nerabeei erakuts dakiekeena: "etxeko erremedioekin" horrelako gauzak egitea posible dela. Egingo ditugun aurkezpenetan, jendea harrituta geldituko da filma egiteko erabili ditugun jostailuak eta maketak ikustean.

Uribe Kostako hainbat lekutan grabatu duzu filma, ezta?

Txikitan, edonon ikusten nituen, Uribe Kostan, dinosauroz betetako irla hura irudikatzen zuten paisaiak.

Zure aitak ere parte hartu du...

Mario Pardo euskal aktore ezaguna zen, txikia nintzela, etxerako lanak ez egiteagatik errieta egiten zidana. Kar, kar. Oso lagungarria izan da berak zinemagintzan daukan esperientzia; maketak egiten ere badaki. Pertsonaietako bati ahotsa eman dio, bai.

Zer espero duzu filmaz?

Ikusleentzat deigarria izatea espero dut; eta beste lan serioago batzuk egiteko ateak zabaltzea ere bai.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun