Elkarrizketak

"La basu" rap-abeslaria: "Urte luzez emakume bakarra izan naiz gizonen munduan; hori aldatzen saiatzen nabil"

Kepa Ugarte Martiarena 2017ko aza. 30a, 12:51

Durangoko Azokan izango da La Basu rap-abeslaria. HODEI TORRES

Elena Caballero "La basu" rap-abeslari euskaldunak azaroaren 27an plazaratu zuen "Ni naiz izotz erregina" diskoa; Durangoko Azokan kantatuko du domekan. Horrez gainera, rap feminista ikastaroa emango du Plentziako Danontzat gaztetxean, abenduaren 7an, 14an, 22an eta 29an, 18:00etatik 22:00etara arte; leku horretan edo Plentziako eta Gorlizko gazte-topaguneetan izena eman daiteke.

Zelan hasi zinen rap-musikaren munduan?

Daborduko 21 urte daramatzat rap-munduan. Hasi nintzenean, Bilbon ez nuen ezagutzen musika-estilo honetan aritzen zen lagunik. Udak Burgosko herri batean igarotzen nituen; bertan, grafitiak egiten zituen mutil bat ezagutu nuen, eta berak utzi zidan entzun nuen lehenengo rap-zinta. Entzun nuenean argi ikusi nuen nik egin nahi nuena horixe bera zela;  egia esan behar badut, oso gutxi ulertzen nuen, letrak ingelesez zeudelako. Baina, txikitatik olerkiak idatzi izan ditudanez, erritmo horiek nire mezuak zabaltzeko oso egokiak zirela ikusi nuen. Hori izan zen raparekin izan nuen lehenengo kontaktua.

Hala ere, ez zara rap-musikara bakarrik mugatzen.

"Musikaren maitaletzat" daukat nire burua. Rapaz aparte, uste dut estilo denak entzun edo jorratu ditudala. Alde batetik, nire aitona kubatarra da; bestalde, nire etxean betidanik entzun izan da protesta-kutsua daukan musika, flamenkoarekin batera. Horrez gainera, nire neba nagusiak punka, rocka eta euskal musika entzun izan du beti. Niri ere hori dena sartzen zitzaidan belarrietatik, txikia nintzenean; eta oraindik ere musika-estilo horiek entzuten jarraitzen dut. Nik rapa egin arren, jakin badakit musika oso ona dagoela hortik; denetarik entzuten saiatzen naiz, eta estilo berriak probatzen ere saiatzen naiz. Ez naiz musika-estilo konkretu batera mugatzen; abestiak sortzen ditudanean ez dut rapa bakarrik kontuan hartzen.

Nondik datorkizu "La basu" goitizena?

Kar, kar. Tontakeria da; baina, horrela sortu ohi dira goitizenak. Jende askok pentsatzen du "La basu" deitzen didatela txikia naizelako... ezta urrutitik ere! Gazteagoa nintzenean, gaur egun Fever edo Santana 27 izena daukan aretora joan nintzen kontzertu bat ikustera; Abierto hasta el amanecer deitzen zen orduan, eta zulo zikin bat besterik ez zen. 7 Notas 7 Colores talde bartzelonarrak kantatu behar zuen; kontzertua ikusi eta, aretotik irten ginenean, hainbat rap-abeslari topatu genituen kalean errimak egiten. Aitortzen dut baxua naizela... hori dela eta, hobeto ikusteko, zarama-ontzi batera igo nintzen. Zoritxarrez, kontainerraren plastikozko tapa apurtu egin zen eta barrura erori nintzen. Ordutik, "Basurera" deitu izan didate urte askoz; azkenean, "La Basu" ezizenarekin geratu naiz. Ez da txantxetako kontua! Kar, kar. Izan ere, Elena da nire benetako izena; arropak txuri-txuri uzten dituen detergente baten marka bezalakoa, alegia. Orain ez dit inork Elena deitzen; hori gutxi ez balitz, etxean, Basu izekoa naiz... Zarama-ontzi batekin gertatutakoaren ondorioak dira.

Jungla Urbana sortu zenutenean ez zegoen emakumez osatutako rap-talde askorik, ezta?

Ez garai haietan, ezta gaur egun ere. 1999an sortu genuen Jungla Urbana, eta taldea desegin genuenean umezurtz utzi genuen Euskal Herria: ez da berriro sortu rapa egiten duen emakumezkoen talderik. Ez dakit noiz izango den, baina espero dut horrelako bandaren bat berriro sortzea. Gizonezkoen mundu batean murgilduta nengoen, bakar-bakarrik; hamar urtez ibili naiz, Bilbo inguruan, rapa eginez, emakume bakarra izanda... Lau lagun elkartu nituen emakumeek bakarrik sortutako talde bat osatzeko; hala ere, ez genuen diskorik grabatu, dirurik ez geneukalako. Horrez gainera, orduko rapzaleei arrotz egiten zitzaien Jungla Urbana bezalako talde bat taularen gainean ikustea...

Gaur egun, emakumeek egindako rap-musikan erreferenteetako bat zara...

Agian, asko esatea da. Gauzak aldatzen ahalegindu izan naiz beti.

Zelakoa da emakumeen egoera rapean?

Euskal Herrian eta Espainian rapa abesten zuten oso emakume gutxi egon da urte askoan. Zorionez, gauzak aldatzen doaz pixkanaka. Egia da gaur egun emakumezko gehiago dagoela mundu honetan; horietako asko euskaraz errimak egiten ahalegintzen dira. Hala ere, oso gutxi gara oraindik. Raparen mundua oso matxista da: gaztea nintzenean, agerlekura igotzerakoan, mikrofonoa oso modu txarrean ematen zidaten; "ia zer dakizun egiten" esaten zidan batek baino gehiagok. Nik beti esan dut emakumea izateagatik bakarrik, bizitza honetan, gauzak birritan egitera behartzen zaituztela; rapean, hirutan edo lautan errepikatu behar izaten dituzu. Ez da erraza: nik ikastaroak ematen ditut; emakumeak ikastera etorri arren, gero ez dira oholtzara igotzen ausartzen.

Bidean oztopo asko aurkitu dituzu?

Zaila izan da; kritika denen jomuga izaten zara beti. Hala ere, nire bizimodua da; argi neukan hau egin nahi nuela. Jendeak esaten duenak, bost axola!

Eskina Femenina proiektuaren sortzaileetako bat zara. Zein da horren helburua?

Orain dela lau urte sortu genuen Eskina Femenina proiektua Aneguriak eta biok. Raparen munduan emakumeak egon arren, erabat ezezagunak ziren; gutxienez, guk ezagutzen genituen emakumezko musikarien lanak batzen saiatu ginen, Youtubeko kanal batean. Ondoren etorriko zen Irola Irratiko irratsaioa: emakumeek egindako rap-abestiak bakarrik ipintzen genituen. Bestalde, hiru urte beteko dira Bazter Fest jaialdia egiten hasi ginenetik, BilboRock aretoan; aurtengo festibala abenduaren 16an izango da. Emakumezkoak izaten dira oholtzara igotzen diren rap-abeslari denak; hala ere, kanpotik ekartzen hasi behar izan dugu. Izan ere, Euskal Herrian dauden denek dagoeneko parte hartu dute jaialdian. Eskina Femenina guztiz beharrezkoa zen rapa egiten duten emakumeen lana zabaltzeko; hip-hoparen kultura zabala da, eta grafitiak edo break dance egiten duten artista bikainak daude. Ikastaroei dagokienez, ikastetxeetan hasi nintzen rapa zelan egiten zen umeei erakusten. Halako batean, tailer bat ematera joan nintzen eta zera esan zidan mutiletako batek: "Zu zara ikastaroa emango duena? Ezin daiteke izan: emakumezkoa zara eta zure generokoek ez dakite horrelakorik egiten". Kolpe gogorra izan zen; baina, argi eta garbi ikusi nuen hori aldatzea beharrezkoa zela. Gauzak horrela, Aneguriagaz ere horrelako tailerrak egiten jarraitu nuen, jendeari gure mundua zein den erakusteko. Abenduan, Plentzian egingo dugu rap feministaren gaineko tailerra.

Ikastaro hori emakumeentzat da bakarrik?

Ez. Hori argi gera dadila nahi dut: ikastaroak egiten ditugu batzuetan emakumezkoentzat, besteetan gizonezkoentzat, eta hainbatetan gizonek zein emakumeek osatutako taldeentzat. Oso garrantzitsua da emakumezkoek rap-munduan bizi duguna gizonezkoek ere ezagutzea. Eskina Feminista deitu arren, genero denetako jendea etor daiteke tailerretara.  

Kontzertuak eten behar izan zenituen 2002an. Musikak lagundu zizun arazo horretatik ateratzen?

Musika nire bizimodua da. Urte asko eman nituen gaixorik; eta, sendatu nintzenean, lagunentzako eta senideentzako disko bat egiteko gogo bizia piztu zitzaidan. Ez nuen besterik behar. Azkenean, lortu nuen egitea. Ordutik aurrera dena ondo joan zait. Nire sentimenduak eta bizipenak barrenetik ateratzeko egiten dut rapa; musikak egunero laguntzen nau. Musika ipintzea da ohetik altxatzen naizenean egiten dudan lehenengo gauza; indar izugarria ematen dit musikak, egunari aurre egiteko.

Rapa euskaraz egitera ausartu zinen 2016an...

Bai. Urte horretan plazaratu nuen "Izotz erregina" EPa; duela egun batzuk, azaroaren 27an, argitaratu nuen "Ni naiz Izotz erregina" diskoaren aurrerapen bat zen. Nik euskaraz egin ditut beti ikasketak; kontua da nire etxekoek zein gertuko jendeak ez zekiela hizkuntza horretan hitz egiten. Hori dela eta, gaztelaniara jotzen nuen. "Aire es vida" (2015, Taupaka) diskoarekin nenbilela konturatu nintzen rapa euskaraz egiten zuen emakumerik ez zegoela; "hau aldatu egin behar da" esan nion neure buruari. Aitortu behar dut niretzat erronka handia izan zela: 15 urtez egon nintzen euskaraz hitz egin barik; guztiz ahaztuta neukan. Baina, saiatzea erabaki nuen eta, hasteko, "Trakamatraka" bideoklipa kaleratu genuen Aneguriak eta biok, 2015ean. Alde guztietatik egurra emango zigutela uste genuen; baina, kontua ondo joan zen, eta euskal rapa egiteari ekin nion.

Ez da erraza izan...

Zirriborroz betetako koaderno asko dauzkat etxean... 2016an kaleratu genuen lan horrek hiru abesti baino ez zeuzkan. Baina, azaroaren 27an plazaratu genuen "Ni naiz Izotz erregina" diskoa euskara hutsean eginda dago, oso-osorik; eta kolaborazio denak emakumezkoek egin dituzte.

Zer espero duzu disko honetatik?

Ez dut ezer berezirik espero; neure buruarekin lasai geratzeko egin nuen. Gertatuko den guztia ondo etorria izango da; ziur nago kritika asko izango ditudala. Jendeak abesti hauekin dantzatzea ere espero dut.  Hori alde batera utzita, orain ozenago esan daiteke euskaraz ere rapa egiten badakigula Euskal Herrian, eta hori egiten duten emakumeak badaudela.

Non entzun zaitzakegu hurrengo egunetan?

Azaroaren 30etik aurrera, Euskal Herria ordezkatuko dut hizkuntza gutxituen aldeko jaialdi batean; festibal gutxitan kontuan hartzen dute rapa, are gutxiago emakumezkoek egiten dutena. Niretzat ohorea da jaialdi horretan abesteko aukeratu izana. Bestalde, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan joko dut abenduaren 10ean, igandean; horrez gainera, Talka Records argitaletxearen salmenta-postuan egongo naiz diskoak saltzen eta sinatzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun