Butroe itsasadarraren alde bietan pasealeku bat egin gura du Espainiako Ingurumen Ministerioak. Oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibiltoki berriak 12 eta 15 kilometro arteko luzera izatea dago aurreikusita, Plentziako metro-geltokitik Arbinako presara arte. Hala, egitasmoak Plentzia, Barrika, Gatika, Lemoiz eta Gorliz udal-mugarteak zeharkatuko ditu.
Proiektua egikaritu aurretik, hainbat alternatiba plazaratzen dituen txosten sakon bat aurkeztu du Civiliza Ingenieria S.L.P. enpresak. Ibilbidea 10 zatitan eta 27 azpi-zatitan banatu dute eta, denera, 60 alternatiba aurkeztu dituzte, aurkitutako arazoei irtenbide bat edo beste emateko. Horietatik denetatik, ikerketak ibilbide oso bat proposatu du, zirkularra, alternatiben efektibotasun gradua, irisgarritasuna, segurtasuna, ingurumen inpaktua, kostua, zailtasun teknikoak eta lur-eremuen erabilgarritasuna kontuan hartuta. Pasealekua egiteko aurrekontu osoa 1,5 milioi eurokoa da, BEZa barne.
Ikerketa ikusgai egon da egunotan Plentziako Udalaren kopistegian. Hala, herritarrek aurreproiektu horren gaineko iradokizunak helarazi ahal izan dizkiote Gobernu-taldeari. David Crestelo Plentziako alkateak azaldu duenez, proiektuari lotutako ideia denak kontuan hartuko dituzte, «agian ez datoz bat guk proposatuko dugunagaz, baina Itsasertz Mugarteari helaraziko dizkiegu ideia horiek ere». Cresteloren berbetan, Plentziako Gobernu-taldeak «orokorrean» ontzat hartu du pasealekua egiteko ideia, «nahiz eta planteamendu askoren kontra egon». Iragarri duenez, alternatiba batzuek hainbat zerbitzu publikoren gabeziei irtenbidea emango diete. Berbarako, futbol eta errugbi zelaietara joateko bideak egitea: «Horietara heltzeko espaloia beharrezkoa da, eta txostenak horiexek aurreikusten ditu». Hala ere, beste hainbat proposamen ere baztertu gura dituzte, hala nola Junkera aldean planteatutakoa. «Argi eta garbi, guk esango dugu GR280a konpondu behar dela. Ez du zentzurik Junkera inbaditzea bide berriak egiteko, mantendu dezagun dagoeneko eginda dagoena».
Modu berean, ikerketak gomendatzen duen bidearen gehienezko zabalera nahikoa ez dela uste du udal-agintariak, «2,5 metrokoa izan beharrean, hiru metrokoa izan behar dela uste dugu, oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna bermatu ahal izateko». Uribe Kosta-Butroe biotopoa proposamenean agertzen dena ere kontuan hartu behar dela argi du Crestelok, «alternatiba batzuk saihestu behar diren edo ez aztertu beharra dago, ingurumena behar bezala babesteko».
Itsasertz Mugarteak hilaren 19ra arte eman dio epea Udalari egitasmoaren gaineko alternatibei dagokion txostena entregatzeko. Hala, aurreproiektuak aurkeztutako alternatiba denak aztertzen dabiltza egunotan udal-arduradunak, puntuz puntu. «Lehenengo fasea da hau; gerora, proiektua bideratzen dagoenean, herritarrak informatzeko prozesu parte-hartzaile bat egitea eskatuko dugu», iragarri du alkateak.
Erdigunetik Arbinara arte
Ikerketa-txostenak proposatzen duen ibilbideak 13 kilometro inguruko luzera du, Plentziako metro-geltokiaren ondoko oinezkoentzako zubitik Arbinako presara arte. Azken puntu horretan, gainera, pasealekuaren alde biak lotzeko pasarela bat egitea gomendatu dute. Zubia egiteko lekurik «onena» Isuskitza auzunearen ondoan legokeela azaltzen du ikerketak, azpiegiturari erabilera handia emango lioketelako inguru horretako auzokideek, auzunearen eta hiribilduaren arteko zuzeneko lotura modura: «Gaur egun, biderik motzena errepidetik joatea da, eta lau kilometro baino gehiagoko bidea da hori. Modu horretan, distantzia hori 2,5 kilometrora txikituko litzateke». Ikerketak, baina, ikuspegi tekniko eta ekonomikoengatik, zubia Arbinako presaren gainean egitea gomendatzen du.
Bideei dagokienez, daborduko existitzen direnak erabiltzea aurreikusi dute, «ekintzak minimizatze aldera». Dena dela, dagokion zatiaren arabera, modu batean edo bestean jarduteko proposamenak egin dituzte. Berbarako, ingurumen-inpaktua murrizteko, inguru natural sentiberenak saihesteko bideak proposatu dituzte arduradunek, hala nola Arkotxa mendiko 6510 Interes Komunitariodun Habitat Naturalean.
Iritzi kontrajarriak: pasealekuaren alde eta kontra
Plentziako Udalak pasealekuaren aurreproiektuaren berri eman zuenetik, askotariko iritziak entzun ahal izan dira han eta hemen. Auzokide asko egitasmo horrek Butroe itsasadarraren ingurumenean eragin ditzakeen kalteez kexu dira; beste hainbatek, ordea, bertako naturaz gozatzeko eta kirolean jarduteko aukera paregabea dela deritzote. Isuskitza auzuneko bizilagunek, euren aldetik, gogotsu hartu dute proiektua, «behingoagatik auzoa eta hiribildua oinezkoentzako bide bategaz lotzea ahalbidetuko duelako», azaldu du Enrique Zufía Isuskitza Komunitateko presidenteak, «urte luzez eskatu dugu hori». Era berean, proposatutako zubia pasealekuaren erdian egitea aldarrikatu du Zufíak, hau da, auzunearen ondoan egotea itsasadarraren alde biak lotzeko.
Ingurumen-baldintzak
- Kutsadura: Akuiferoen kalteberatasuna txikia da itsasadarraren ondoko guneetan. Ikerketaren ipar- eta hegomende-eremuetan kalteberatasun maila, aldiz, ertaina da. Gainerako lekuetan arazorik ez dagoela ondorioztatu dute.
- Fauna eta flora: Butroe itsasadarrean Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (HBBE, 35), hegazti-fauna babesteko eremua eta itsas-espezieen babeserako eremua daude, besteak beste. Desagertze arriskuan eta babestuta dauden 22 espezie ere aurki daitezke inguruotan, hala nola ur-ipurtatsa (Mustela lutreola). Horrez gainera, balio berezia duen apioa (Apium graveolens) ere aurki daiteke bertan.