Orain dela 125 urte heldu zen trena Plentziara lehenengo aldiz. Hori ospatzeko, programazio berezi bat abiarazi zuten joan den urtarrilaren 15ean, hamabi bildumatako askotariko zigiluak batzen dituen erakusketa bategaz.
Orain, aldiz, Literohitura irakurle taldeak "Nasarako kontakizunak" egitasmoa martxan ipini du. Horren bitartez, idazleak eta idazteko zaletasuna duen jendea batu gura dute, askotariko kontakizunak sortzeko. Istorio baten amaierako esaldia hurrengo kontakizunaren lehenengoa izango da. Kateatutako istorio horiek denak trenari lotuta egongo dira eta hamabostean behin argitaratuko dituzte, urte osoan. Lehenengoa Eduardo Gil Herreroren "Aquel viaje en tren del 68" izan da, eta Jabier Aguirre Cámararen "Desilusiones e ilusiones" istorioak eman dio segida kontakizun horri.
Lehen udatiarrak, trenaren eskutik
Trena 1893an heldu zen Plentziara, eta horri esker, herria jomuga turistiko bihurtu zen. Negozio berriak sortu ziren higiezinen sustapenaren eta ostalaritzaren inguruan, merkataritza-sarea hazi egin zen eta bizigune berriak garatu ziren. Urte horretan bertan sortu zen Casino Aurrera Aisialdi Sozietatea, ur-depositua martxan ipini zen… Aurrerapen horiekaz eta trenaren eraginez heldu ziren lehen udatiarrak Plentziara.
Kroniken arabera, trena nasara iritsi zenean, orduko agintarien aurrean lau biba bota ziren: "Lehena, Plentziaren oparotasuna islatzen duen trenaren arrakastaren alde; bigarrena, plentziarren alde; hirugarrena, bakearen alde; eta azkena, trena eraiki duen ingeniariaren alde".