Atzoko ez-ohiko osoko bilkuran onartu zituen Udalbatzak 2018rako aurrekontuak, 4,7 milioi eurokoak. Berritasunen artean daude EAJk aurkeztutako 22 proposamen zehatz (16 gastuen atalekoak eta 6 diru-sarrerenean), hala nola Saratxaga, Gatzamiñe eta Isuskitza auzoak metroagaz lotzeko garraio zerbitzu publikoa sortzea, 70.000 euroko aurrekontuagaz; biolentzia eta droga-mendekotasuna prebenitzeko programa, 6.934 euroan; eta 18.000 euro bideetako zuloak konpontzeko.
Horrez gainera, jeltzaleen eskariz, 76.000 euro inbertituko dituzte Turismo Bulego berria Ontziola plazan ezartzeko. Gobernu-taldeak (EH Bildu) aurreproiektuan aurkeztu zuen bulego hori udaletxearen ondoan eraikitzea, 70.158 euroko diru-partida bategaz. Modu horretan, azaldu zutenez, "ez litzateke gehiago ordainduko jubilatuen etxeko alokairu-errenta, zeren jubilatuak egun bulegoa dagoen tokira joango lirateke, eta bulegoa bera eraikin berrira". Iragarri dutenez, errentan aurreztutakoagaz eraikina 4 urtean amortizatu zitekeen. Hala ere, jeltzaleek aukera hori baztertu eta zeregin horretarako diru-partida zehatz bat bideratzea lortu dute, "bulego berria bertan eraikiko dela ziurtatzeko".