Plentziaren eta Placentiaren arteko senidetzea goraipatzeko eguna egingo dute zapatuan

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 2a, 09:10
Placentiako ordezkariak Plentziara etorri ziren iaz, artxiboko irudia.

Zapatu honetan, hilaren 5ean, Bizkaian eta EAEn bizi diren kanadarrakaz topaketa bat antolatu du Plentziako Udalak, hiribilduko Senidetze Batzordeak herri bien arteko senidetzearen harira programatutako ekitaldien artean.

Antolatzaileek azaldu dutenez, zapatu horretan "gure inguruan bizi diren kanadarrak bildu nahi ditugu, bai batzen gaituzten lotura historikoak gogoratzeko, eta baita ere Senidetzea elikatzen jarraituko duten lotura berriak sortzeko".

Joan den urteko ekainaren 21ean sinatu zen ofizialki Senidetze-agiria, eta ordutik askotariko jarduerak antolatu dituzte Plentzian herri bien arteko harremana errotu eta sendotzeko. "Espero dugu maiatzaren 5eko topaketa jai-egun polita izango dela eta jende kopuru handia batuko duela".

Antolatzaileek azaldu dutenez, topaketa egiteko aukeratu duten data ez da kasualitatea. Izan ere, data horrek Bizkaiko Foru Artxiboko dokumentu bati egiten dio erreferentzia, Juan Goitia Enkarterriko Sindikoaren ordezkariak 1726ko maiatzaren 7an idatzi zuena Plentzian, marinaren zerbitzurako gizonak erreklutatzeko: "denak Ternuan direnez baleen arrantzan, beldur naiz ez dudala lortuko behar direnak baino gehiago". Horrek esan nahi zuen hiribilduko gizon gehienak Ternuan zeudela baleen arrantzan. Hori oroitzeko, data horren ondoko aste-akabua aukeratu dute jaia antolatzeko.

Egitaraua:

  • 11:00 Ondo-etorria eta harrera ekitaldia udaletxean aurreskuagaz.
  • 11:15 Bisita udaletxera.
  • 12:00 Bisita Butroeko Plasentia Museora.
  • 13:30 Astigar gorri bat (Kanadako zuhaitz-ikurra astigarra da) landatuko da Gernikako Arbolaren parean (Antonio Cuesta plaza, Plentzia).
  • 14:30 Bazkarian bakailaoa izango da protagonista (Boutique Bahía de Plentzia Hotelean, 20€/25€).
  • 17:00 Gorlizen bizi den Isabel Findlay kanadarraren hitzalditxoa Kanadari buruz, udaletxean.
  • 17:15-18:15 Ternuako tradiziozko kontzertua, udaletxean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun