Elkarrizketak

Arantxa Renteria, Plasentia de Butron museoko presidentea: «Gero eta dohaintza gehiago egiten digu jendeak»

Unai Brea • Kepa Ugarte Martiarena 2018ko mai. 21a, 08:14

Arantxa Renteria, "Príncipe de Asturias" lurrunontziaren maketaren alboan. Plentzian egin zuten maketa, 1941ean. HODEI TORRES

Hogei urte bete ditu Plentziako Plasentia de Butron museoak, eta urteurren biribil horretaz berba egin digu bertako fundazioko presidenteak, Arantxa Renteria Bilbaok. Besteak beste, Plentziak itsasoagaz daukan eta eduki duen lotura estua herritarrei gogoraraztearen garrantzia azpimarratu du Renteriak.

Zelan sortu zen museoa sortzeko ideia?

1998an bururatu zitzaien hainbat pertsonari, batez ere itsasoagaz lotutakoak, marinel ohiak, erretiratutako kapitainak... Museoa sortu zuten itsasgizonen bizimoduagaz zerikusia zeukaten agiriak eta objektuak gordetzeko, bestela euren trastelekuetan galduko ziren eta. Udalak gaur egun museoa dagoen Erdi Aroko dorrea utzi zuen, eta museoa bera fundazio pribatu modura jaio zen.  

Zeintzuk dira museoaren helburuak?

Herriko eta eskualdeko historia gordetzea eta bertoko zein kanpokoei ezagutaraztea, bai itsasoarekiko harremanari dagokionez bai orokorrean ere.

Asko hazi da museoa hogei urteotan?

Batez ere, jendeak emandako objektuei dagokienez. Bisita-kopurua, ostera, gutxi gorabehera berdintsu mantendu da denbora honetan guztian. Konturatu egin gara azken boladan jendeak gero eta joera handiagoa daukala etxean dauzkan antzinako objektuak dohaintzan emateko: kapitainen izendapenak, bitakora-koadernoak, maketak, nabigazio-kartak... Gero eta pertsona gehiagok aitortzen dute historia gordetzeko egiten dugun lana, eta objektuak ematen dizkigute, bai aldi aterako utziz, bai dohaintza eginez.

Zein da museoko pieza kutuna?

Gaitza da esatea. Gauzarik zaharrena erromatarren garaiko txanpon bat da. Oso garrantzitsuak eta ikusgarriak dira, baita ere, sarreran dauzkagun aingura biak, Muriolako kalan berreskuratutakoak, Plentziako badian. XV. eta XVIII. mendeetakoak dira, hurrenez hurren. Orain gutxi Príncipe de Asturias lurrunontziaren maketa eskuratu dugu. Oso handia da, ederra, xehetasun handiz egindakoa. 2016an bete ziren ehun urte ontzi hura hondoratu zenetik.

Zelan ospatuko duzue museoaren hogeigarren urteurrena?

Batetik, urtero egiten dugun aldi baterako erakusketa Plentziaren historiari eskaini diogu aurten; gutxienez abendura arte egongo da ikusbide. Plentziar guztiok eduki dugun ideia da herriaren historia 1299an hiribildua fundatu baino apur bat lehenago hasi zela; okerreko uste hori aldatzeko, erakusketak historia osoa jasoko du, bertoko lehenengo biztanleengandik hasita. Aztarnategi ugari dago inguruan, behe-paleolitokoak, adituen esanetan garrantzi handiko objektuak dauzkatenak. Bestetik, erakusketaz gain, uztailean kalera atera gura dugu museoa, umeentzat batez ere.

Zenbateko garrantzia dauka museoak hurrengo belaunaldiei iraganaren berri emateko?

Handia. Plentziara bizitzera etortzen den jendeak ez daki, berbarako, Ontziola plazak izen hori daukala hor ontziola egon zelako; Udaletxeko plaza esaten diote. Historiari eutsi behar zaio, kale eta plazek zer edo zerengatik dauzkate dauzkaten izenak. Plentzia ontzigintza- eta nabigazio-gune garrantzitsua izan da, eta horri esker herriaren izena ezagutu da hemendik urrun. Horren memoria gorde behar da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun