Elkarrizketak

Aiert Erkoreka (Inconscientes musika-taldea): "Filmetako musika egitea gustatuko litzaidake"

Kepa Ugarte Martiarena 2018ko mai. 26a, 12:00
Extremoduro eta Inconscientes taldeetan pianoa eta teklatua jotzen ditu Aiert Erkorekak. HODEI TORRES

Gernikan jaio eta Mungian hasi arren, gaur egun Plentzian bizi da Aiert Erkoreka Baraiazarra; Extremoduro eta Inconscientes taldeetan teklatua eta pianoa jotzen ditu. Horrez gainera, Tekla izeneko musika-tailerra dauka Gorlizen. Inconscientes taldeagaz batera "No somos viento" diskoa plazaratu berri du.

Zer dauka "No somos viento" aurreko diskoek ez daukatena?

Agian, jorratutako estiloa izan daiteke disko berri hau aurreko lanetatik bereizten duena: rocka da nagusi. Horrez gainera, abesti batzuk gogorragoak eta zuzenagoak dira. Lehenengo diskoan ere rocka landu genuen. Hala ere, bigarrena beste modu batean egin genuen. Esan daiteke hirugarren honetan gure hastapenetako doinuetara bueltatu garena: berbarako, riff indartsuagoak entzun daitezke lan berrian.

Zer gai jorratu dituzue disko honetan?

Gauza asko. Azken finean, Inconscientes taldeko zaleetako batek gure abestien letretan uler dezakeena ez du zertan izan konposatzean guk eman diogun zentzu berbera. Diskoari izena ematen dion kanta nik neuk konposatu dut, eta "Entre otras vidas" izenekoa, azkenekoa, ere bai. Balada bat da. Neurri batean, bilatzen dudana da entzuleek kantaren letra hartzea eta gurago duten moduan ulertzea.

Noiz hasi zinen Inconscientes taldeagaz?

Lehenengo diskoa, "La inconsciencia de Uoho" 2007an atera zuen taldeak, Muxik ekoiztetxeagaz; Iñaki Antón "Uoho" taldekideak horrela eskatuta, hainbat kontzertu eman nituen eurakaz, "soldatapeko" musikari legez. "Quimeras y otras realidades" (El Dromedario Records, 2016) izenburuko lanean, artean, ez nintzen taldeko kidea. Hala ere, ostean, Iñakik jakin zuen pare bat abesti neukala buruan eta taldean sartzeko proposatu zidaten. Lehen aipatu legez, hirugarren diskoko "No somos viento" eta "Entre otras vidas" abestiak nik konposatu ditut.

Esan daiteke, Robe Iniestaren Extremodurotik sortutako taldea dela Inconscientes.

Bai. Denok gara Extremoduroko musikariak, Jon Calvo abeslaria izan ezik. Robek buru duen taldearen "opor" batzuetan Iñakik beste talde bat egitea proposatu zuen: horrela sortu zen Inconscientes.
Hala ere, estilo aldetik ezberdinak dira Extremoduro eta Inconscientes taldeak. Inconscientes rock and roll talde bat da; Extremoduro, ordea, rocka egiteko beste modu bat da. Berbarako, "No somos viento" diskoa 1970eko hamarkadako rockerrei egindako keinua da; garai horretako bandak dira guri gehien gustatzen zaizkigunak.

Fitogaz ere ibili zinen.

Fito & Fitipaldis taldearen "Lo más lejos, a tu lado" (DRO, 2003) diskorako deitu ninduen; piano-sonua behar zuten. Los Rebeldes taldearen "Quiero ser una estrella" abestiaren bertsioa egin genuen. Oso polita izan zen.

Zer gehiago daukazu egiteko musika-munduan?

Orain arte egindako denagaz oso gustura nago; rock and rolla pilo bat atsegin dut. Hala ere, filmetarako musika egitea gustatuko litzaidake, eta daborduko zertxobait egin dut.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun