Elkarrizketak

"Eskubide historikoak betikoak dira; foruak, bart gauekoak"

Unai Brea 2018ko eka. 8a, 13:04

Bost urte eman ditu Jose Maria Gorordok 'Bizkaia en la Edad Media' liburua idazteko ikerketa egiten. HODEI TORRES

Gauza askorengatik da ezaguna Jose Maria Gorordo (Plentzia, 1947) Bilboko alkate ohia. Azken urteetan ikerketa historikoan murgilduta ibili da, eta Bizkaiko iraganaren gaineko 1.400 orrialde dira emaitza.

Apirilean aurkeztu zenuen Bizkaia en la Edad Media, foruen galeraren gaineko historiografia ofiziala zalantzan ipintzen duen lan mardula.

Lehenengo aldiz aukera egon da Juan Antonio Llorentek historiagileak 1805ean argitaratutako Noticias históricas de las tres provincias vascongadas lana inpugnatzeko. Llorente mertzenario bat izan zen, eta hark ipini zuen, obra haren bidez, euskal foruak abolitzeko oinarri intelektuala. Gero saria eman zioten, kargu politiko bat. Argi eta garbi kontratatu egin zuten. Eta liburuan diodanez, erabili zituen agirietako batzuk berak manipulatu zituen.

Hark esandakoari kontra egiten dioten zenbait obra jaso dituzu zuk, ezta?

Bai. Garai hartako Bizkaiko Aldundiko idazkaria-edo zenari (consultor perpetuo, esaten zioten orduan), Francisco de Arangureni, Llorenteren lana gezurtatzeko eskatu zioten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek. Baina haren lanaren bigarren zatia, argudio juridikoak zeuzkana, argitaratzea debekatu zuten eta ezin izan zen 1994ra arte ikusi. Bestalde, Domingo de Lerin izeneko fraide beneditar ezezagun batek historiaren ikuspuntutik ipini zuen auzitan Llorenteren obra. Baina haren lanaren berririk ez da egon orain gutxi arte: ikerketa egiten nenbilela topatu nuen beraren 300 orrialdeko eskuizkribu bat. Hori da liburu honen ekarpenik handiena. Inoiz ez dira hiru lanak elkarregaz konparatu ahal izan.

Zer diote, batzuek eta besteek?

Arangurenek eta Lerinek diote Bizkaiak betidanik zeuzkala bere arauak; alegia, oso-oso aspalditik idatzi gabeko usadio eta ohituren araberako gobernua zeukala. Hori askoz geroago jaso zen idatzizko foruetan, 1342an, 1452an eta 1526an. Llorentek kontrakoa zioen, hau da, Bizkaian zeuden arau guztiak kanpoko erregeen kontzesioak zirela, eta ematen zituzten bezala kendu zitzaketela. Gutxi gorabehera 155. artikuluagaz gertatu den bezala.

Diozunez, gauza bat dira foruak eta beste bat eskubide historikoak.

Hala da, eta ez dira batzuk besteakaz nahastu behar. Eskubide historikoak betidanikoak dira, zelanbait esatearren; foruak, ostera, oso berriak dira, bart gauekoak ia. Gernikan batzarra batu zela egiaztatzen duen lehenengo agiria 1307koa da, baina eskubide historikoak askoz lehenagokoak dira, orain dela milaka urtekoak, hor dago koska.  

Izan ere, Bizkaiak de facto estatu independente modura jardun zuela diozu.

Bai, 1379ra arte.

Bizkaiko jaunaren agintepean?

Tira, jaunez gauza asko esan liteke. Besteak beste Arangurenek eta Lerinek defendatutako teoria tradizionalek diote, eta oinarri sendoa daukate, paktua zegoela jendearen eta jaunen artean. Paktutik dator boterea. Dena den, hutsegitea litzateke garai haiek gaurko irizpideen arabera epaitzea. Aro feudalean, jaunek uste zuten lurraldearen ugazabak zirela, euren ondarea bailitzan. Ugazabak, ez agintari politikoak. Edozein kasutan, tesirik koherente eta zentzuzkoenak dio orduko jaunak burujabeak zirela euren herrialdeetan, baina hortik kanpo ere lurrak zeuzkatela, eta horiei zegokienez tokian tokiko agintariaren menpekoak zirela. Baina Bizkaia lurralde subiranoa zen, garai hartako esangura feudalagaz beti ere.

Llorenteren tesiak historiografia ofiziala dira gaur egun, oraindino?

Bai noski, horixe esan dute 155. artikulua defendatu dutenek. Lurralde bateko araudia jatorrizkoa den, edo beste inork emandakoa, funtsezko kontzeptua da burujabetzaren auzia aztertzeko.

Kontua da hainbat arrastoren arabera Llorente bera prest egon ei zela Bizkaiko burujabetza idatzitako hura beste liburu batean gezurtatzeko.Ezin izan duzu frogatu, baina.

Hala da. 1864an Madrilgo Senatuan egin zen euskal foruen gaineko eztabaida baten akta irakurri nuen (hamahiru egun iraun zuen eztabaidak, bide batez), eta han jasota zegoenaren arabera, euskal senatari batek esan zuen Llorentek bere burua eskaini ziola Bizkaiko Aldundiari liburu bat idazteko, Noticias históricas de las tres provincias vascongadas-en berak adierazitakoa gezurra zela esanez. Ordainduta, noski. Beste euskal senatari batek esan zuen Llorentek horrelako liburu bat idatzi zuela, eta Bordelen argitaratu. Aktetan ez  da gai horren gaineko beste aipamenik ageri, ordea. Ni urtebete inguruz ahalegindu naiz liburu hori topatzen, eta Llorenteren obran aditua den Gerard Dufour historialari frantziarragaz berba egin ostean, hark bidali zizkidan datuen arabera ez zen sekula halako libururik idatzi. Askoz zailagoa da, noski, bestea ikertzea, hau da, Llorentek Diputazioari bere burua eskaini ote zion.

Historiatik politikan eragiteko itxaropena

"Nire helburu nagusia, liburu honegaz, ikerketa gehiago egin dadila eragitea da", dio Jose Maria Gorordok elkarrizketa amaitzear dagoela. "Honelako lan bategaz politikan eragin daitekeen? Espero dut baietz, politika oso garrantzitsua delako hemen oso gutxi idatzi delako. Euskal historiagile gutxi daude, arrazoi batengatik: lurralde hau paganoa izan zen X. mendera arte gutxi gorabehera; beste leku batzuetan, ostera, kristautasuna lehenago hasi zen. Eta idazten zutenak abadeak, fraideak eta abar ziren. Historia aztertuta ikusten da idatzi duten gehienak horiek izan direla. Eta ezpatadunak agindutakoa idazten zuten".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun