Plentziako merkatariek eta ostalariek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, eurei eragin ahal zieten gaien inguruan erabakiak hartzeko kontutan hartu ditu EH Bilduren Gobernu-taldeak; horretarako, merkatarien batzordea sortu zuten udal-agintariek, "ideietan sakontzeko eta arazoei aurre egiteko".
Plentziako Independenteak taldeak hilabeteak daroatza behin eta berriro salatzen udalerriko hainbat ostalaritza- eta merkataritza-establezimenduk jabari publikokoa den lurzorua okupatzen dutela eta Gobernu-taldeak (EH Bilduk) ez diela denei dagokien tasa kobratzen. Diotenez, Udalak "modu arbitrarioan" kobratzen du terraza bat ipintzeagatik dagokion tasa, "gainerako %50ei ez die ezertxo ere kobratzen; ez du indarrean dagoen Ordenantza aplikatzen", Idependenteak taldearen arabera.
Horren aurrean, bere garaian David Crestelo alkateak adierazi zuen tasa hori denei kobratzen zaiela, terraza bat ipintzeko egiten diren eskaera denak tramitatzen dituztelako: "Are gehiago, Independenteak alkatetzan egon zirenean baino lizentzia bi gehiago kobratzen dira orain". Crestelok azaldu zuenez, gaur egun dagoen egoera azken urteetakoaren berdina da, "ez dago aldaketarik". Hala ere, azpimarratu zuen terrazak erregulatzeko ordenantza berrikusten ari direla: "Hori eguneratu nahi dugu, lege batzuk aldatzen joan direlako eta, ondorioz, tasa ere eguneratu nahi dugulako".
Modu berean, kalean erakusleihoak, toldoak, loreontziak eta bestelako elementuak kalean ipintzen dituzten denda eta merkatari-establezimendu denek ere udal-jabari publikoaren erabilera pribatiboagatik edo aprobetxamendu bereziagatik ordaindu beharreko tasak ordaintzera behartzea eskatu diote Independenteek EH Bilduri; "eremu publikoa okupatzen dute eta ez diote inolako lizentziarik eskatu Udalari", deitoratu dute. Horren aurrean, kalean traba egiten duten elementuak egoteagatik inolako salaketarik ezta kexarik ere jaso ez dutela jakinarazi du alkateak. Hala ere, independenteek diote ez dela inolako salaketarik egon behar indarrean dauden ordenantzak exekutatzeko.
Ordenantza ez exekutatzea eskatzen dute merkatariek
Independenteen jokabidea gogor deitoratu du Plentziako Merkatarien eta Ostalarien Elkarteak. Merkatariek gogorarazi dutenez, udal-talde horrek exekutatu gura duen bigarren ordenantza hori Independenteak eurak Alkatetzan zeudenean onartu zen, 2008an, baina ordutik ez dute indarrean ipini inoiz.