Zalantza barik, eta askok aurreikusi arren, arrazoi ekonomikoak direla eta Plentziako Independenteen taldea ez aurkeztea izango da hiribilduan 2019ko udal-hauteskundeen emaitza baldintzatuko duen faktore nagusietakoa, nagusia ez bada. Talde horrek eta EH Bilduk elkarri emandako babesak ahalbidetu du amaitzear dagoen agintaldian, baita aurrekoan ere, EAJk alkatetzarik ez eskuratzeak, zerrenda bozkatuena izan arren.
Hogei urtez Plentziako politikaren parte garrantzitsua izan dena hauteskundeetatik kanpo egoteak zelan eragingo die maiatzaren 26ko emaitzei. Batetik, ikusteko dago orain arte independenteentzat izandako botoen mugimenduak EAJri edo EH Bilduri egingo dien mesede handiena, bietako bati eginez gero behintzat, eta bestetik, bi horiez gain udaletxean beste indarren bat sartzeko atea zabalduko ote den.
EH Bildurena eta EAJrenagaz batera, PP eta PSE-EErenak izango dira hautagaitza bakarrak. Sozialistek, historikoki, oso emaitza txarrak lortu izan dituzte Plentzian; popularrek, aldiz, ez dute ordezkaritzarik eduki 2011tik, baina bai 1999tik 2011ra, ezker abertzalea legez kanpo egonda eta aurretik ere bai. Berriki izandako beherakadak ez du aditzera ematen, ordea, garai haietako emaitzak errepikatzeko moduan daudenik. Izan ere, PSE-EEtik ondo behera geratu dira hauteskunde orokorretan, botoen %4 bakarrik eskuratuta, eta horrez gainera gauza jakina da udal-hauteskundeetan, herri txikietan, kaxkarragoak izaten direla espainiar alderdi handien emaitzak.
Gauzak horrela, ez da erraza igartzen azken hamarkadetan Uribe Kostako herri "atipikoena" izan den honetan zer osaketa izango duen Udalak datorren legegintzaldian.
Alkategai berak
EH Bildurentzat, etxebizitzarena da Plentziak daukan arazorik larrienetako bat, eta beren-beregi horri aurre egiteko zinegotzigoa sortzeko helburua du. "Alokairu zein eroste-prezio altuen ondorioz herritik alde egin behar dute gazteek; herri udatiarra izatea pairatzen dugu". Hirigintzaren alorrean oinezkoei lehentasuna ematea ere aipatzen dute egitekoen artean. Zerrendaburu modura gaur egungo alkate David Crestelo aurkeztu du, ostera ere, EH Bilduk.
EAJk, berriz, "turismo jasangarri, iraunkor eta kalitatezkoa" du helburu Plentzian, bere alkategai Elixabete Uribarrik dioenez. 2015ean ere hura izan zen jeltzaleen zerrendaburua, eta zinegotzi daroatza zortzi urte. Herriko gune denetan "irisgarritasuna hobetzea" da haren beste asmoetako bat.