Udal-hauteskundeak 2019

"Plentzia eraldatzen jarraitu" gura du EH Bilduk

Erredakzioa 2019ko mai. 13a, 13:52

© PLENTZIAKO EH BILDU

Amaitzear dagoen legegintzaldian egindako lanari jarraipena emateko asmoz, udalaren "eraldaketa sendotu" gura du Plentziako EH Bilduk, udal-hauteskundeetarako programaren aurkezpenean adierazi dutenez. "Ikusi da Udaletxea herritarrei zabaltzea, zaila izan arren, lor daitekeela", dio koalizioak.

EH Bilduren Herri Programaren puntu nagusien artean, Etxebizitza Zinegotzigoa sortzea aipa daiteke. Prezio altuen erruz gazteek herritik alde egin behar izaten dutela eta, urte osoan bertan bizi ahal izateko politikak bultzatzeko asmoa du koalizio abertzaleak. Besteak beste, egungo etxebizitzen okupazio-maila ikertu gura dute, baita ere etxebizitza hutsen alokairua sustatu, eta etxebizitza turistikoen erabilera arautzeko ordenantza bultzatu.

Hirigintzari dagokionez, oinezkoei lehentasuna eman gura die EH Bilduk. Alde Zaharra eta Erribera kalea oinezkoentzat egokitzeko aukeraz eztabaida-mahaia sortzeko proposamena jasota daukate euren programan, edozein herritarrek parte hartzeko modukoa baina bereziki dendari eta tabernarien ahotsa entzun ahal izateko.

Bestalde, udal-politiketan agenda feminista txertatzea eta herritarrek udal-erabakietan parte hartu ahal izateko mekanismoak garatzea ere lehentasunen artean ditu Plentziako EH Bilduk. "Udalaren eta herritarren
elkarlana landuz, sekulako sinergiak lortu ditugu", David Crestelo zerrendaburu eta gaurko alkatearen esanetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun