Elkarrizketak

"Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen egoera hobetzen ez den bitartean gu itsasoratzen jarraituko gara"

Iker Rincon Moreno 2019ko abu. 13a, 17:19

Seigarren urtez, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen eskubideen aldeko hondartzetako mobilizazioakaz bat eginez, itsas martxa egin zuten joan den zapatuan, abuztuaren 10ean, Plentzian. Ekimenaren antolatzaileakaz berba egin dugu egun horren inguruko hausnarketa eta errepasoa egiteko.

Hasteko, zer balorazio egiten diozue aurtengo itsas martxari?

Balorazio orokorra positiboa da. Aurreikusten genuen baino jende gehiagok parte hartu zuen. Hasiera baten eguraldi txarra iragarrita bazegoen ere, hobera egin zuen eta jendea animatu zen. Bazkarian ere ia 300 pertsona elkartu ginen eta aldarrikapenak, itsasoa eta jaia uztartuz giro ezin hobean pasatu genuen eguna.

Zelan laburbilduko zenukete eguna?

Urduritasun, ilusio eta emozioz beteriko eguna izen zan. Salaketarako eta borrokarako egun bat bada ere, adin guztietako pertsonak gozatzeko eta ondo pasatzeko pentsatuta dagoen hitzordua da. Goizeko martxa, eguerdiko pintxo-potea eta bazkaria gaztetxean. Bazkaria bukatzerakoan, bingo musikatua izan genuen eta jendeak oso ondo pasatu zuen; gainera, egunari amaiera emateko kontzertu batzuk izan genituen.

Urtez urte, parte-hartzean gora egin duzue, ezta?

Bai, urtez urte parte hartzaileen kopurua igotzen doa. Aurten, adibidez, 22 txalupa, 2 trainerilla, 50 piragua, 4 uretako bizikleta eta 15 padel inguru animatu dira  parte hartzera. Egoera horrek asko pozten gaitu.

Zein da martxa honen helburua?

Martxa honen helburua da Etxeratek urtero egiten duen deialdiarekin bat egitea eta euskal preso, iheslari eta deportatu politiko eta euren senideak bizi duten egoera salatzea. Dispertsioarekin bukatzea eta errepresaliatu eta deportatuen etxeratzea aldarrikatzea da eskatzen duguna.

Etxeratek aurreko aste-akabuan egin ohi ditu hondartzetako mobilizazioak; zer dela eta erabaki zenuten molde eta data aldaketa?

Ekimen honek aldagai batzuk ditu eta gehien baldintzatzen duena itsasoa bera da. Mareek dena baldintzatzen dute, itsasbehera egonda itsasontziak ezin direlako itsasadarrera sartu. Beraz, mareak kontutan izanik eta, zapatua izatea egokiago ikusten genuenez, data aldatzea erabaki genuen.

Aurten, gainera, Altsasuko gazteen egoera nabarmendu duzue...

Bai, Itsas Martxan urtero egin dugu salaketa zehatz bat; joan den urtean preso gaixoen egoera salatu nahi izan genuen, eta, horretarako, Txus Martin, Ibon Iparragirre, Aitzol Gogorzari eta bestelakoei zuzeneko agurra bidali genien irratiaren bitartez. Orain dela bi urte, berriz, Kepa del Hoyoren hilketa salatu genuen.

Aurten, Itsas Martxaren egunean bertan, Altsasuko gazteek 1.000 egun bete zituzten kartzelan, eta horregatik nahi izan genien keinutxo bat egin.

Zer-zelako aportazioa egiten diote mota honetako ekimenek presoen egoera hobetzeko?

Galdera hori beraiek erantzun beharko lukete; hala ere, seguru gaude bidegabekeria hau duintasunez aguantatzeko indar apur bat emango diela.

Datorren urtera begira zaudete jada?

Bai; VI.Itsas Martxa bukatu eta VII.-ean pentsatzen gaude jada. Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen eta euren senideen egoerak ez du hobera egin, eta hau horrela dirauen bitartean gu itsasoratzen jarraituko gara. Gainera, hurrengo urterako zeozer berezia prestatzeko asmoa dugu, baina urtea luzea da eta orain apur bat deskantzatzea merezi dugu ere.

Aurten martxara hurbildu ez direnei zer esango zeniekete datorren urtekora anima daitezen?

Guk ezer gutxi daukagu esateko; urtez urte erreferente bihurtzen ari den eguna da eta bideoetan ikusteko eta jendearen esperientziak entzuteko aukera izan dute, besteak beste. Oraingoa ikusita ere suposatzen dugu eurak bakarrik animatuko direla VII.Itsas Martxan parte hartzen, eta, gainera, berezia izango dela jakinda...

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun