Higinio Riverok betidanik maite izan ditu kirola, motor-kontuak eta arrisku-jarduerak; baina, 2013an, eskalatzen ari zen bitartean, lesio medular larria eragin zion istripua izan zuen. Lesio hark paraplegia eragin zion. Ospitalean hiru hilabete eman zituen, bi hilabete eta erdi ohean mugitu barik. Dena den, kikildu beharrean, Riverok bere pasioaren alde borrokatzen jarraitu zuen eta haurtzarotik kirolak eman dizkion ilusioa eta motibazioa berreskuratzeko ahaleginetan dabil. Hori lortzeko piraguismoan buru belarri ari da, errehabilitazioan onurak ekartzen dizkiolako, bai fisikoki, baita mentalki ere: “Txikitatik gustatu izan zait kirola, baita alde batera eta bestera mugitzea ere. Eta istripuaren ondoren, berdin jarraitzen dut”.
Piraguismoa gogoko du, uretan jendeagaz gurutzatzen denean bere desgaitasuna ez zaiolako antzematen eta hori, psikologikoki, oso positiboa da berarentzat. Plentziako Piraguismo Taldeko kidea da gaur egun eta kirol horretan denbora gutxi badarama ere, 2016an Branderburgen jokatutako parakanoeko Maratoiko Munduko txapelketan (ICF Canoe Marathon World Cahmpionships) nagusitu zen, baita 2017 Pietermarithburgen (Hegoafrika) ere. Horrez gainera, 2016an Europako txapelduna izan zen Pontevedran (Galizia). Bere ilobari eskaintzen dizkio domina denak, bera baita bere beste pasioetako bat. Azken urteetan modalitate olinpikoan murgilduta dago eta Tokioko Jokoetarako txartela lortzea izan da bere helburu nagusia.