Zerbitzu hori tokiko Udaltzaingoagaz batera diseinatuta dago eta polizia "elementu aktiboa" izango da egunotan kalean, Plentziako Udalak jakinarazi duenaren arabera. “Plentziako Udalak argi dauka eraso guztien eta batez ere eraso sexisten aurkako borrokak ekintza gogor bat eskatzen duela. Ezinbestekoa da arreta erasotzaileengan jartzea. Konpromiso irmoa hartzen dugu modu aktiboan jokatzeko helburu horren alde. Baina berdintasuna benetakoa izan arte, eta eraso sexistak behin betiko desagertu arte, gure erantzukizuna da eskura ditugun baliabide guztiak baliatzea arriskuak gutxitzeko”, azaldu du ohar bidez Udalak.
Gaueko laguntza-zerbitzua jende gehien batzea espero den egunetan egongo da indarrean, hau da, eguenean, barikuan eta zapatuan. Zerbitzuak 19 plazako bus txiki bat izango du, 01:00etatik 07:00etara, eta etengabe ibiliko da herriko hainbat gune eta auzoetara jendea hurbiltzeko, osatzen diren taldeen arabera.
"Zerbitzu hori zuzentzen zaie etxera itzultzeko orduan seguru sentitzen ez diren pertsona denei (13 urtetik gorakoak), edozein dela ere euren generoa edo adina, baina batez ere emakumeei, eurak direlako indarkeria matxista jasaten dutenak", azpimarratu du Plentziako Udalak.
Zelan erabili laguntza-zerbitzua
Etxera bueltarako bidean bere segurtasuna arriskuan egon daitekeela uste duen 13 urtetik gorako edozein gizon-emakumek erabili ahal izango du aipatutako zerbitzua. Horiek, aurretik zehaztutako topagunera hurbildu beharko dira, Ontziola plazako gozoki-kioskoaren ondora, hain zuzen ere. Hantxe bilduko dira erabiltzaileak, eta eskaeraren araberako ibilbideak egingo dira, erabiltzaile denen premiak kontutan hartuta. Mungia Bidera iristeko errotondako markesina (Charterraren ondoan) izango da bus txikiaren irteera eta iriste puntua. "Mikrobusak etxetik ahalik eta hurbilen utziko du erabiltzailea", azpimarratu dute antolatzaileek.
Udaltzainek, gainera, autobus horren ibilbide denen berri izango dute udalerriko auzoetan patruila-lanetan dabiltzan agenteei gunez gune ibil daitezen, "batik bat segurtasun aldetik arriskutsuak badira".
Nolanahi ere, eskatzailea jai-gunetik hurbil bizi bada eta hurbiltasun hori dela eta ezin badu autobusa erabili, oinez lagunduko zaio.
Topaguneko arduradunek bakarrik apuntatuko dute erabiltzaile bakoitzaren adina eta nora joan nahi duten, eta ez dute batuko inolako datu pertsonalik. "Helburua da behar beste datu izatea balorazio bat egiteko eta, balorazio hori kontuan hartuta, datorren urteko jaietan zerbitzua hobetzeko", azaldu dutenez.
Sorginen Alabak, aitzindari
Sorginen Alabak talde feministak 2017an sortu zuen Gorliz eta Plentziako jaietarako erasoen aurkako prebentzio- eta erantzun-protokoloa. Jai-batzordeen, udalen, eta bestelako eragileen laguntza izan zuten. Bere momentuan azaldu zutenez, Plentziako eta Gorlizko mapak egin zituzten argi edo mugimendu gutxi duten gune beltzak zeintzuk diren jakinarazteko. Gainera, puntu moreak ere jarri zituzten. Horietan, txosnaguneetan, etxera bueltatzeko brigadak antolatu zituzten: hiru pertsonako talde bi. Modu berean, auto-zerbitzua ere eskaini zuten, auzoren batean bizi diren emakumezkoak arinago eroateko etxera.
Kaleak eta itsasadarra garbitzeko zerbitzu berezia
San Antolin jaiei begirako beste neurri bat ere jarriko du Udalak martxan: itsasadarra garbi mantentzen saiatzeko garbiketa-zerbitzua. Hala, barikuan, zapatuan eta astelehenean hesi puzgarri bi jarriko dituzte uretan, "jaiak amaitutakoan errazagoa izan dadin egituretan harrapatutako plastikoak eta gainerako hondakinak jasotzea".
Hesietako bat zubi zuriaren inguruan jarriko da eta bigarrena portuan, arrantzaleen moilatik hurbil. Ekimen honetan lankide izango dute Eusko Jaurlaritzako Portuen Zuzendaritza, Goazenup elkartea eta UrGarbi.
Horrez gainera, garbiketa zerbitzuak indargarri handi bat izango du jaiegunetan. Zerbitzu horrek barne hartuko ditu zisterna-kamioi bat, bilketarako kamioi bat, 35 zaborrontzi handi lehendik dauden edukiontzien osagarri, eta haizegailu nahiz mangerak erabiliko dira garbiketa lanetarako. Garbiketa planari jarraiki, 15 langile ariko dira kaleetan eta jai-guneetan lanean.