Udako jaiak 2017

Sorginen Alabak: "Herri osoarena da erasoak prebenitzeko erantzukizuna"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2017ko uzt. 7a, 13:14

Sorginen Alabak talde feminista.

Sorginen Alabak talde feministak sortu du Gorliz eta Plentziako jaietarako erasoen aurkako prebentzio- eta eran­tzun-protokoloa. Jai-batzordeen, udalen, eta bestelako eragileen laguntza dute. Oiane Egaña Aranbaltzak azaldu du.

Zergatik sortu duzue protokoloa?

Iazko errepasoan ikusi genituen izan ziren eraso denak. Ez direnez geldituko, pentsatu genuen prebentzio- eta erantzun-protokolo bat sortzea. Hasi ginen orain dela hilabete batzuk, ideiak botatzen, eta sortu dugunera arte. Apur bat izan da ikusita beharra dagoela, oraindino ez garelako ziur eta aske sentitzen etxera joatean.

Zertan datza protokoloa?

Hasteko, aterako dugu eskuorri bat, Plentziako eta Gorlizko mapakaz. Bertan agertuko dira argi edo mugimendu gutxi duten gune beltzak. Gainera, puntu moreak ere agertuko dira. Bertan, txosnaguneetan, etxera bueltatzeko brigadak egongo dira: hiru pertsonako talde bi. Ibiliko gara beltzez jantzita, zapi more bategaz, erraz identifikatzeko. Modu berean, auto-zerbitzua ere eskainiko dugu, auzoren batean bizi diren emakumezkoak arinago eroateko etxera. Dena den, argi utzi beharra dago ez garela taxi-zerbitzu bat. Bestalde, txosnaguneetatik eta jai-esparruetatik ibiliko dira pertsona boluntario batzuk besoko more bategaz; edozein eraso jasotzekotan, momentuan laguntza zuzena eskainiko dugu. Pertsona horiek aldez aurretik formakuntza bat jasoko dugu, denok ahal den heinean erantzun berdina emateko.

Zelan lagun daiteke?

Txosna-batzordeakaz, jai-batzordeakaz, beste emakume-elkarteakaz eta herrietako zenbait eragileakaz berba egin dugu daborduko. Eman daitekeen laguntza da boluntario izatea eta, baten bat laguntza eske hurreratuz gero, arreta eskaintzea. Eraso sexista bat bada, adibidez, txosnak amatatuko dituzte, zerbitzatzeari utziko diote, soinu-dei bat emango dute eta, ahal bada, erasotzailea txosnagunetik botako dugu. Sexu-erasoa balitz, jasoko dugun formakuntzan azalduko digute zelan eman erantzun egokia. Baina, oinarrizkoena da eraso jaso duen emakumezkoagaz egotea, bakarrik senti ez dadin. Argi utzi gura dugu protokoloa Sorginen Alabok sortu dugula, behar hori dagoela ikusita, baina erantzukizuna herri osoarena dela.

Udako jaietarako erasoen aurkako prebentzio- eta eran­tzun-protokoloa

Protokolo hau sortu izana, aurreko urtean egondako erasoen inguruan hausnartu ondoren ateratako ideien ondorioetako bat da.

Tamalez protokolo hau sortu behar izan dugu gure herriko jaietan salatuak izan diren eta salatuak izan ez diren eraso asko ematen direlako. Sistema heteropatriarkalak sinestarazten du emakumeon gorputza besteen beharrak asetzeko sortuak izan direla eta sinesmen horren ondorio dira piropoak, dantzan gaudenean jasaten ditugun ukitzeak, ezetz esatean kasurik ez egitea, kolpeak, bortxaketak eta abar luze bat.

Izenburuak esaten duen bezala, prebentzioa eta erantzuna ematen saiatuko gara baina gogorarazi nahi dugu lan hau ez dela talde feminista baten ardura, herri osoaren ardura eta jendarte baten ardura dela baizik. Guk talde bezala beharra ikusita protokoloa sortu dugu baina herritar bakoitzaren beharra da sistema heteropatriarkalak gugan ezartzen dituen ohitura, sinesmen eta praktikak alde batera uztea.

Beraz, eraiki dezagun jai giro osasuntsu bat, edozein motatako erasorik onartzen ez dituena, gure praktika errespetutsuekin eta zentzudun jokatuz, etorkizun batean protokolo hau behar izan ez dadin.

Behin hausnarketa plazaratuta, itzuli gaitezen gaur eguneko egoerara: jaietan ematen diren erasoak errealitate bat dira eta guk horren aurrean hainbat puntu aurkezten ditugu:

Etxera bueltatzeko brigadak

Zergatia: Mekanismo hau martxan jartzea erabaki genuen etxera bakarrik bueltatzea emakume izanda arrisku faktore bat dirudielako.

Zelan: Etxera laguntzeko hirukoteak antolatuko dira, jaiaren egunaren arabera hirukote kopurua aldatuz (ez da gauza berdina astearte batean datorren jendea edo larunbat batean datorrena).

Brigadak: Puntu morean (aurrerako azalduko dena) egongo dira brigadistak, beltzez jantzita eta zapi more batekin, ezagutu ahal izateko.

Txandak: Gaueko 00.00etatik goizeko 06.30ak aldera izango dira txandak, txosnen itxiera orduaren arabera (hau da, txosnak ixten duten momentutik ordu erdi gehiagora egongo dira txandak) eta bi ordukoak izango dira.

Etxera bueltatzeko kotxea

Kontuz, honek ez du esan nahi gu gaudenez, beste guraso batzuek ez direla haien alaben bila joan behar. Baizik eta ibiltzen joan behar bada, inor ezin daitekeelako etorri bila eta bakarrik joan behar bada, Brigadisten zerbitzua osatzeko mekanismo hau sortu dugula. Ez gara taxi-zerbitzua.

Zergatia: Jai gunetik urrun bizi diren emakumeentzako pentsatutako mekanismoa.

Baldintza: hiru pertsona gehienez, ulertzen delako talde handi batek erasotuak izateko arrisku gutxiago dituelako. (salbuespen kasuak egongo dira: bi lagun dira, gertu bizi dira baina haietako bat oso txarto dago eta besteak bakarrik ezin du berarekin, adibidez).

Zelan: Kotxe karakterizatu bat aparkatuko dugu txosna gunetik gertuen eta bi pertsona egongo dira beti, gidaria eta laguntzailea.

Txandak: Bi ordukoak. 00:00etatik 06:30ra.

Besoko morea

Zergatia: Txosna gunean momentuan eraso bat jasan baduzu (edo jasan dezakezula pentsatzen baduzu) norengana joan behar duzun jakin ahal izateko eta momentuan laguntza jaso ahal izateko.

Zelan: 20 pertsona gauero (egunaren arabera zenbakia aldatu daiteke, hau zapaturako pentsatuta dago) eta besoko more bat eramango dute besoan.

Txandak: Gau osokoa. 00.00-06.30

Baldintzak: besokoa daraman pertsona ezin da mozkor egon, ez dugu esaten bi trago ezin dituzuenik hartu, baina kontziente izan behar gara norbaitek laguntza behar izatekotan erantzuteko gaitasuna izan behar dugula eta gugana jotzen duenak segurtasuna eta konfiantza sentitu behar duela. Beste baldintzetako bat izango da gau osoa egitea, gau erdian besokoa daramatenak ezingo dira etxera joan kantsatuak daudelako, konpromiso minimo bat eskatzen da.

Oharra: honetan lagundu ahal izateko, formakuntza edo klabe batzuk emango ditugu, erantzun erabakia ahalik eta hoberen izan dadin.

Mapa eta triptikoak

Azaldutako guztiaz gain, Gorliz eta Plentzia herrien puntu beltzak identifikatu ditugu, hau da, argi gutxi dituzten zonaldeak, komertzio, taberna edo jendea ez dauden kaleak, eta abar. Identifikatu ostean, mapak kokatuko ditugu herritik zeintzuk diren ikusi ahal izateko. Mapa hauetan brigadistak dauden puntu morearen kokapena ere agertuko da.

Protokolo honen guztiaren berri izateko, jaietan triptikoak bananduko dira, sortutako prebentzio eta erantzun mekanismoak jasoko dituenak, orain aipatutako mapak izango dituena eta hainbat informazio erabilgarri gehiago.

Honetaz gain, mani, kontzentra eta beste hainbat ekintza egingo dira, herrian ez inon erasorik ez ditugula nahi adierazteko eta hauetan parte hartzera ere gonbidatzen zaituztegu.

Behin protokoloa azalduta, gogora ekarri nahi dugu lanketa hau ez dela talde feminista baten ardura, herri osoak erakutsi behar du zein den gure jarrera erasoen inguruan. Beraz, txandetan laguntzera animatzen zaituztegu, ahalik eta jende gehien egonda gero eta mekanismo potenteagoa sortuko dugulako. Horregatik argi utzi nahi dugu boluntario edo partaide nahiko lortzen EZ baditugu, aurretik aipatutako mekanismoak ez direla aurrera eramango.

Horretarako paper bat utziko dugu gelan eta parte hartu nahi izatekotan jarri izena, kontaktua eta zertan zauden prest laguntzeko. Zalantzan bazaude edo orain erabaki ezin baduzu, lasai, Facebook edo Gmailen bidez harremanetan jar gaitezke. Zu ez zaude prest baina ziur zure amak, nebak, lagunak... zerbaitetan lagundu nahi duela? ondo baita ere! Zabaldu ahalik eta gehien, herri osoak jakin dezan erasoak ez ditugula onartuko eta herri bezala erantzungo dugula.

Eskerrik asko,

Sorginen Alabak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun