Plentzia SD-k eta txosna batzordeak elkarretaratzera deitu zuten atzo, martitzenean, domeka goizaldean, San Antolin jaietan, gizon batek jasotako jipoia eta emakume bik jasandako jazarpena salatzeko. Hala, dozenaka auzokide, udal-politikari, elkarte eta lagun bildu zen atzo, udaletxearen aurrean, egoera guztiz gaitzesteko.
Atzo arrastian, Plentziako Udalak adierazi zuen "irmoki" arbuiatzen duela bai domekan jazotako erasoa eta "bai bestelako edozein indarkeria mota". Hala, erakunde horrek bere konpromisoari eutsiko diola iragarri eta "erasorik gabeko jaiak" lortzeko "lanean" jarraituko duela azaldu zuen. Plentziako EH Bildu taldeak ere erasoa gaitzetsi eta elkarretaratzean parte hartzeko deia zabaldu zuen.
Erasoa domeka goizaldean jazo zen, Plentziako jaietan. Gizonak Plentziako futbol-taldearen txosnan lanean ibili ostean, kotxera zihoala, emakume bik laguntza eskatu zioten, hainbat gizon segika zituztela eta jazartzen ari zitzaizkiela argudiatuta. Jarritako salaketaren arabera, biktimak jazarleei aurre egin eta emakumeak bakean uzteko eskatu zien. Hasierako gizon biei beste lau batu zitzaizkien eta denen artean eraso egin zioten.
Zauritua Urdulizko Ospitalera eraman zuten; saihets bi hautsita ditu eta bost puntu jarri behar izan dizkiote masailean. Erietxetik irten ondoren, atzo iluntzean aurkeztu zuen salaketa ertzain-etxean.
Polizia-iturriek HIRUKAri baieztatu diotenez, Ertzaintzak eta Plentziako Udaltzaingoak ikerketa abiatu dute erasoa argitzeko.