Pediatria-zerbitzua berrezarri dute Plentzian

Iker Rincon Moreno · Unai Brea 2019ko urr. 9a, 08:53

Maiatzetik pediatrarik gabe egon da Plentziako Osasun Zentroa. Denbora tarte horretan, familia medikua izan da udalerriko umeak artatzen egon dena; hala ere, EH Bilduk jakinarazi duenez, daborduko zerbitzua martxan da.

EH Bilduko iturriek jakinarazi zutenez, maiatzaren 23an jaso zuten Udalean (artean David Crestelo alkatea zela) hainbat gurasoren idazki bat, pediatra-faltagatik protestatuz. Koalizio abertzalearen esanetan, maiatzaren 24an alkateak Osakidetzako eskualdeko ESIren zuzendariari, Mari Luz Marquezi, bidali zion gurasoengandik jasotako mezua. Handik hilabetera, ekainaren 17an, Marquezek erantzun zuen Osakidetza eta Jaurlaritza arazoa konpontzeko baliabideak bilatzen ari zirela.    

Uztailaren 10ean, EH Bilduk, ordurako oposizioan, Elixabete Uribarri EAJko alkateari eskatu zion Udalak Osakidetzari galde ziezaiola egoera bideratzeko pausoez eta pediatria-zerbitzua berriro izateko aurreikusitako epeez. Abuztuaren 2an, alkateak idatzi bat bidali zien maiatzean kexatu ziren gurasoei, Osakidetzak Udalari esandakoa jakinaraziz. Hau da, arazoa konpontzeko lanean zebiltzala, ostera ere pediatra izateko data zehatzik finkatu barik.

Irailean, aldiz, Legebiltzarrera jotzea erabaki zuen Plentziako EH Bilduk, honako galdera bikoitza egiteko: Osakidetza zer egiten dabilen eta zerbitzua noiz itzuliko den. Osasun Sailburuak joan den urriaren 2an erantzun zion koalizio abertzaleari, idazki bidez. Horrek azaltzen duenez, maiatzera arte jardunean ibili zen pediatra titularrak erretiroa hartu zuen, lanpostu hori "hutsik" utzita. Hala, lanpostua "arauzko eran" betetzeko, barne-mugikortasuneko prozesu baten deialdia egin behar dela azaldu du Osasun Sailburuak; "Prozedura horrek emaitzarik izan ezean, hurrengo urratsak egingo lirateke Osakidetzako langileen ordezkariekin itundutako mekanismoen arabera. Barne-mugikortasuneko prozedura 2019ko urrian amaitzekoa da". Era berean, azaldu du lanpostuaren titularrak erretiroaren aurreko oporrak hartu zituela eta ordutik "profesional gaituak" ibili direla lanean eta "arreta bermatuta egon dela" pediatria-zerbitzuan".

EH Bilduk jakinarazi duenaren arabera, lanpostua erantzuna jaso aurreko egunean bete zuten pediatriako lanpostua: "Izugarri pozten gaitu, Plentziako familiak eta umeak dagokien zerbitzua berriz izatea".

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun