Joan den astelehenean aurkeztu zuten Plentziako udaletxean itsasadarraren berrantolatze-proiektua. Alde batetik, itsasadarraren gune berri bitan pantalanak instalatuko dituzte: lehenengoa, zubiaren eta Ontziola plazaren artean, Plentziako aldean; eta, bigarrena, Barrikako aldean, San Telmo auzoaren inguruan. Lehenengoan itsasontzi txikiak egongo dira; bigarrenean, aldiz, eslora handikoak, baina den-denak kalatu txikikoak, gune bi horietako sakonera ez delako oso handia. Hala, denera, 182 amarraleku berri eratuko dira pantalanotan, baina, proiektuaren arduradunek azaldu dutenaren arabera, horietan ezin izango da bela-ontzirik egon, motor-ontzi txikiak baino ez. Bestalde, portuaren barruan dauden leku denak egokitu eta gaur egun dauden 165 lekuei beste 43 gehituko zaizkie, 208 izatera pasatzeko. Hala, denera ontziak amarratzeko 390 gune izango ditu itsasadarrak, ofizialki.
Zenbateko horrek ezinegona eragin du itsasontzien hainbat jaberen artean, kopuru horrek ez duelako aseko gaur egun dagoen eskaera. Portuan 165 leku daude, eta itsasadarrean, gutxi gora behera, beste 300 ontzi. Hala, aurreikusitako 390 gune horiek "inondik inora" ez du arinduko gaur egun dagoen eskaera.
Hiru amarraleku gune horiek operatibo daudenean, sortzen diren 390 plazak emakidan banatuko dira, Aisialdiko ontzietarako amarralekuen Aginduan ezarritako prozedurari jarraituz. Egoera horren aurrean ere kezkatuta agertu dira jabeak, edonork parte har dezakeelako plaza horien zozketan eta ez zaielako inolako lehentasunik emango auzokideei, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 2014ko epai baten arabera. Plazak esleitu ondoren, gainera, ez da ainguraketa pribaturik baimenduko Plentziako itsasadarrean zehar; horren ondorioz, amarralekurik gabe geldituko direnek beste portu edo leku bat bilatu beharko dute euren itsasontziak uzteko, jabe askoren haserrerako.
Ingurumenari kalteak
Unai Ganzedo itsas zientzietan aditu plentziarrak argi du beharrezkoa dela itsasadarra berrantolatzea. Hala ere, aurkeztutako proiektuak ingurumenean hainbat arazo eragin ditzakeela aurreikusi du. Alde batetik, pantalan berri biak eraikiko dituzten guneak egokiak ez direla uste du eta uhaldietan horiek eutsi egingo ez dutelakoan dago. Horren harira, kexu da ez delako "gardentasunik" egon proiektua garatzerako orduan, "ez dakigu nork eraman duen proiektua ezta nork egin dituen ikerketak ere, egin izan badira". Era berean, aurkeztutako planoak "argigarriak" ez direla uste du adituak, "zenbakiak eman dituzte, bai, baina gauza asko airean gelditu dira eta teknikoki elementu asko ez dira azaldu".
Horrez gainera, Ganzedok uste du ez dela amarraleku gehiagorik egin behar. "Gehiegikeria da itsasadarrean dagoena; portuan egon ezin ziren hiru itsasontzi izatetik ehunaka izatera igaro gara urtez urte, eta hori bideraezina da". Egoera horrek itsasadarraren hondoa "guztiz" kaltetu duela azaldu du itsas zientzialariak: "jendeak edozein lekutan amarratzen du gaur egun itsasontzia. Horretarako, leku horren hondoan dauden harriak kendu egiten dira; hala, algek ezin dute sustraitu eta ondorioz ez dituzte sedimentuak geldiarazten. Horrek ingurumen kalte izugarriak eragin ditu bertan". Hortaz, itsasontziak amarratzeko leku gehiago egitea baino, Ganzedok uste du horiek denak neurriz hartu behar direla, "jendea kontzientziatu behar da, ezinezkoa da norberak nahi duen momentuan eta lekuan bere itsasontzia uztea". Hala, itsasadarra berrantolatzeko beste planteamendu bat egitea beharrezkotzat hartu du Ganzedok, "baina argi dagoena da ezinezkoa dela hemen horrenbeste itsasontzi egotea".
"Ez dituzte auzokideak kontuan hartu proiektua egiteko"
Itsasontzien jabeek eta Ganzedok berak bat egiten dute gauza batean, eta hori da proiektua egin dutenek ez dutela kontuan hartu bertan bizi den errealitatea, ezta itsasontzien ugazabak eta auzokideak eurak ere. Horren harira, Ganzedok proposatu du eztabaidatu beharra dagoela ea zer-zelako itsasadarra gura duten Plentzian: "Edo portu erraldoi bat edo ingurugiroa errespetatzen den bestelako gauza bat".
Bien bitartean, asko mobilizatu egin dira eta bilera batera deitu dute datorren asterako, eguaztenerako, Jai Alai frontoian bertaratuko diren denen proposamenak batu eta proiektuaren arduradunei helarazteko asmoz.