Sorginen Alabak Plentziako talde feministak azaldu duenez, martxoaren 8a emakumeen arteko aliantzak eta emakumeen eskubideen alde egiteko "ezinbesteko eguna" da. "Martxoaren 8an kaleak hartzen ditugu, autogestio eta asanblada irekien bitartez sortutako egitarauak gure herrietan plazaratuz". Hala ere, deitoratu dutenaren arabera, Plentziako Udalak behin eta berriro pasa da mugimendu feministaren gainetik, eta aurten ere berdina gertatu dela salatu dute. "Berriz ere, autonomia osoz eta elkarlanik gabe jorratuko dute martxoaren 8ko egitaraua. Herriarekin kontatu gabe, emakumeen iritziak jaso gabe, herri honek dituen beharrizanak kontuan hartu gabe".
Martxoaren 8rako artisau azoka bat antolatu duela jakinarazi zuen duela gutxi Plentziako Udalak. Horretarako, kartel more bat argitaratu dute udal-arduradunek, emakume baten irudia lehenengo planora eramanda. Horrek ezinegona eragin du udalerriko talde feministan: "Zergatik azoka bat martxoaren 8an? Zergatik kartel more bat inolako edukirik gabe eta estereotipoz betea? Azoka herriko plaza okupatuko du, eta egun horretan borrokatu nahi dugun emakumeok kanpoan geratuko gara? Ez dago hilean beste domeka bat artisau azoka bat egiteko? Martxoak 8 ez da txapa morea jantzi eta azokara joateko eguna, borroka eguna da".