Plentziako Arkote arraun-taldeak 60 urte betetzen ditu aurten. Hori dela eta, urtemuga hori ospatzeko ekimen-sorta bat antolatu gura zuen talde horretako zuzendaritzak. Hori gauzatzeko, ideia zen antolaketa-lan horietaz arduratuko den askotarikoen lantaldea osatzea, "ahalik eta ikuspuntu anitzena izateko". Hala, martxoan 20 lagun inguruko taldea osatu zuten. COVID-19aren pandemiak, baina, urteurrenaren antolakuntza eta ospakizunak bertan behera uztea behartu du, "aurtengoz behintzat", ohartarazi dute arduradunek. "Lan taldeak martxan jarraituko du, gure helburua, aukerarik badago, urteurrena 2021era atzeratzea baita. Beraz, 2021ean urteurrenari lotutako ospakizun ederrak antolatzen lagundu nahi bagaituzu jarri gurekin harremanetan zalantzarik gabe, facebook, instagram, web edo Whatsapp (635 726 566) bidez".