Koronabirusa Uribe Kostan

Herritarrentzako 10.000 maskara banatuko ditu Plentziako Udalak

Erredakzioa 2020ko mai. 21a, 10:13

Ostalariek babes-neurriak betetzeko kita banatzen hasi da Udala.

Etxebizitza bakoitzean maskara bi dituen paketeak banatuko ditu Udalak. Denera, 10.000 unitate banatuko dituzte datorren astean zehar, aurreikuspenen arabera. Udalak azaldu duenez, erabilera bakarreko maskara kirurgiko esterilizatuak izango dira, "oso-osorik udal-aurrekontuarekin finantzatuak".

Etxez etxe banatuko dituen maskarez gainera, gel hidroalkoholikoa, maskarak, jardunbide egokien eskuliburua eta esker-gutun bat jasotzen dituen kitak banatzen hasi da Udala udalerriko denda eta ostalarien artean. Guztira, Udalak 5.400 euroko inbertsioa egin du 400 FFP2 maskara (4 establezimendu bakoitzeko) eta 500 litro gel (5 litroko ontziak establezimendu bakoitzeko) erosteko. Ekimen hori udalerriko Merkatarien eta Ostalarien Elkarteagaz elkarlanean egin dela azpimarratu dute udal-iturriek. "Modu honetan, ehun bat negoziok jaso dute dagoeneko laguntza-sorta hau", iragarri dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun