Koronabirusa Uribe Kostan

Plentziako udako jaiak ere, bertan behera

Erredakzioa 2020ko mai. 22a, 09:55

Plentziako Madalena jaiak, artxiboko irudian.

COVID-19aren krisiak udako beste jai batzuk bertan behera uztea eragin du: Plentziakoak, hain zuzen ere. Hala, aurten ez da Karmen, Madalena, San Antolin, San Kristobal, Saratxaga, San Inazio eta San Nikolaseko ospakizunik egongo hiribilduan. San Joan sua ere ez dute egingo.

Plentziako Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, jai-batzordeakaz lankidetzan ibili da alternatibak bilatzeko eta jaiak, "nola edo hala, Plentziako kaleetan presente egon daitezen". Adierazi dutenaren arabera, ospakizunak bertan behera gelditu diren arren, horien datak hurbildu ahala, egoera soziosanitarioak horretarako aukera ematen badu, "betiere agintari eskudunek ezartzen dituzten irizpideak errespetatuz", jarduera edo jaialdiren bat antolatzeko aukera aztertuko dute, "bertaratu ahal izango diren pertsonen segurtasuna uneoro bermatuz".

Udalak aitortu du "zaila" izan dela erabaki hori hartzea: "Badakigu zein garrantzitsuak diren jai hauek, hain enblematikoak, gure nortasunaren adierazgarri direnak eta duten izaera parte-hartzaileagatik bereizten direnak. Hala ere, zentzuzkoena eta arduratsuena da jaiak behera behera uztea. Erabaki gogorra baina zuzena dela uste dugu, denen segurtasuna bermatzeko ezinbestekoa".

Plentziako jai-batzordeak, ildo horretan, azpimarratu du pertsonak eta haien osasuna dela orain lehentasuna: "Koronabirusak sortutako egoera soziosanitarioa ikusita, arduraz jokatzeko unea dela uste dugu. Erabaki zuzena dela uste dugu, eta parerik gabeko jaien alde lan egiten jarraituko dugu".

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun