Elkarrizketak

“Tokikoa babestu behar dugu”

Iker Rincon Moreno 2020ko eka. 5a, 09:10
Plentziako Merkatarien Elkarteko presidentea eta Casa de Marinos hoteleko behargina da Adrián Vila.

Dendari askok lokalak giltzapetuta mantendu behar izan dituzte bi hilabetez, gutxienez, COVID-19aren pandemia dela eta; beste askok, aldiz, ziurgabetasun handiz zabaldu ahal izan dute. Orain, apurka-apurka normaltasun berri baterako bidean gaudela, denak zabaltzen hasi dira, babes-neurriak aldarrikatzeaz batera.

Tabernari eta dendarien gehiengoak ateak itxi behar izan du konfinamenduak iraun duen bitartean. Zabaldu ahal izan dutenek salmentak mantentzea lortu dute, herritarren babesari esker; beste batzuek bestelako zerbitzuak eskaini behar izan dituzte produktuak jendearengana helarazteko. Horren inguruan berba egin dugu Adrián Vila Plentziako Merkatarien Elkarteko presidenteagaz.

Zenbat komertziok eta establezimenduk osatzen duzue Plentziako Merkatarien Elkartean?

10 ostalarik eta 27 dendarik osatzen dugu elkartea. Gaur egun, elkartekook hiribilduko komertzioen eta ostalaritza-establezimenduen % 30 inguru gara. 

Zelan bizi izan duzue konfinamendu-egoera?

Bizi izan dugun momenturik txarrenetarikoa dela esango nuke. Komertzio asko itxita egon dira eta bakarrik zabalduta mantendu dira beharrezko gisa izendatuta zeuden zerbitzuak eskaintzen zituztenak.

“Duela gutxira arte gure kideen % 80 inguru egon da itxita eta zabaldu ahal izan dutenek oso lan gutxi egin ahal izan dute”

Denen artean, zenbatek egon behar izan dute pertsiana itxita?

Duela gutxira arte gure kideen % 80 inguru egon dira itxita, eta zabaldu ahal izan dutenek oso lan gutxi egin ahal izan dute konfinamenduak ezarritako neurriak zirela eta.

Horren harira, askok euren burua berrasmatu behar izan dute beren zerbitzuak eskaintzen segitu ahal izateko, ezta?

Bai, askok etxez etxeko banaketa-zerbitzua jarri behar izan dute martxan. Hori izan da modu bakarra gutxi batzuek euren produktuak saldu eta lan egin ahal izateko.

Daborduko askok zabaldu dituzte lokalak. Zelan bizi izan da une hori?

Oraindino ez gaude oso animotsu bi hilabete hauetan  itxita egoteagatik bizi izan ditugun galerak handiak izan direlako. Oso arduratuta egon gara osasun-neurriak betetzeko hartu beharreko bideak zeintzuk diren hausnartzeko. Era berean, gure bezeroen jarrera zein izango zen aztertzen ibili gara; izan ere, udan Plentziako biztanleria biderkatu egiten da.

“Establezimendu askok euren burua berrasmatu behar izan dute produktuak saldu ahal izateko, hala nola etxez etxeko salmenta”

Zein izan da herritarren jarrera komertzio txikiekiko?

Ona orokorrean. Zabaldu dutenek salmentak mantendu ahal izan dituzte Plentziako herritarren laguntzari esker.

Etorkizunaren beldur zarete?

Bai, egoera berriro errepikatzearen beldur gara eta horren ondorioz orain arte izan dugun babesa galtzea edo ahaztea. Tokiko merkataritza babestea eta laguntzea beharrezkoa da aurrera egin ahal izateko.

Unerik gogorrenean itxita mantendu behar izan duten komertzioek laguntzarik jaso dute Udalaren edo bestelako erakunderen baten partetik?

Bai, hasiera-hasieratik Plentziako Udalak lagundu eta aholkatu gaitu. Behar izan dugun informazioa izan dugu uneoro eta komertzioak berriro aktibatzeko plan bat garatzeko lanean dihardugu orain.

“Tokiko merkataritza babeste eta laguntzea beharrezkoa da aurrera egin ahal izateko”

Horrez gainera, beste hainbat ekimen bideratu dituzue Udalagaz batera, hala nola maskarak banatu eta zabalik egon diren establezimenduen karta osatu. Zelan bideratu da hori dena?

Bai, genituen premiazko beharrak zeintzuk ziren galdetu zigun Udalak eta horiei erantzun ahal izateko ekimenak bideratu ditugu hilabete bi hauetan, konfinamenduak eta larrialdi-egoerak utzi ahala.

Udako jaiak bertan behera geratu dira. Zelan hartu duzue erabaki hori?

Bizi dugun egoera zein den ikusita, logikoa dela uste dugu. Hala ere, udalerria aktibatzeko bestelako alternatibak bilatzen gabiltza.

Zelakoa uste duzue izango dela komertzio txikien etorkizuna Plentzian?

Eragile askok baldintzatuko dute etorkizuna; hala ere uste dut baikorra izan eta denon onurarakoa izan daitekeen bidea hartu behar dugula. Interes indibiduala baztertu behar dugu. Aurrera egiteko ezinbestekoa da denon batasuna.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun