Lanbro Beltza Nazioarteko Ipuin Lehiaketaren VIII. edizioak baditu irabazleak

Iker Rincon Moreno 2020ko uzt. 6a, 16:46

Gotzon Plaza idazleak irabazi du euskarazko kontakizunen modalitatea, Metro eta erdira ipuinagatik; iaz ere idazle horrek irabazi zuen modalitate berdinean. Gaztelaniazkoan, aldiz, Elio Puntieri idazle argentinarra gailendu da aurten, Rogelio Waitman ezizenagaz aurkeztutako Un cheque de ocho ceros ipuinagatik.

Plentziako Udalak eta Calibre 38 Aldizkari Digitalak antolatutako Lanbro Beltza Nazioarteko Ipuin Lehiaketaren VIII. edizioak baditu irabazleak. Laura Balagué, Juan Mari Barasorda, Javier Abasolo, Noemi Pastor eta Ricardo Bosque (azken hau presidente gisa) izan dira epaimahaikideak. Horiek, gaztelaniazko modalitateko lehen saria Elio Puntieri idazle argentinarrari ematea erabaki dute, Rogelio Waitman ezizenarekin aurkeztutako Un cheque de ocho ceros ipuinagatik. Euskarazko modalitatean, berriz, Aritza Bergara eta Joseba Lozano epaimahaikideek, Noemi Pastor buru dutela, aurtengo sariaren irabazlea Gotzon Plaza Jaio izatea erabaki dute, Metro eta erdira ipuinagatik. Plaza iaz ere irabazle izendatua izan zen modalitate berean Jai-Alai ipuinagatik.

Aurtengo edizio honetan aurreko urteetan baino ipuin gehiago aurkeztu dira: 428 gaztelaniazko modalitatean eta 10 euskarazkoan. Ipuinen jatorriari dagokionez, Estatuko hainbat tokitatik iritsitako lanak izan dira; eta nazioarte mailan, batez ere Hego Amerikako herrialdeetatik etorritakoak, hala nola Kubatik, Mexikotik, Argentinatik, Kolonbiatik eta Panamatik, beste askoren artean. Modalitate bietako egile eta ipuin finalistak honako hauek izan dira:

Gaztelaniazko modalitatean:

  • Rosalía Guerrero Jordán, Demasiado joven para morir.
  • Julián Granado Martínez, Unidos por la carne.
  • Beatriz Osa Fernández, El anillo de Jarabo.
  • Felipe de Luis Manero, Campeones de Europa.

Euskarazko modalitatean:

  • Javier Díez Carmona, Azken hegalaldia.
  • Mari Joxe Azurtza Sorrondegi, Tenis klubean.
  • Oskar Azkona García, Desagerpena Bilbon.

Pandemiak moldatutako edizioa

Gogoratu behar da pandemiak eragindako salbuespen egoera honen aurrean, 2020ko Lanbro Beltzaren topaketen antolatzaileek formatua berriz definitu behar izan dutela eta hitzaldiak internet bidez eskaintzen ari direla. Goñi Portal topaleku izan ohi duten hitzaldi hauek, aurten Plentziako kokaleku desberdinetan aldez aurretik grabatu dira eta online bidez eskaintzen ari dira; Calibre 38 Aldizkari Digitalaren eta Plentziako Udalaren Facebookeko profiletan zabaltzen ari dira, baita eta 2020ko Lanbro Beltzaren Youtubeko kanalean ere.

Jon Arretxe eta Aritza Bergara idazleek parte hartu zuten lehen hitzaldia, "Euskarazko nobela beltzaren erronka", ikusgai dago hemen.

Hurrengo saioan, Susana Rodriguez Lezaun eta Mikel Santiago idazleak izango dira hizlariak, eta thrillerra izango dute hizpide. Uztailaren 13ko astean, Noelia Lorenzo eta Laura Balaguè idazleen txanda izango da, eta emakumeek idatzitako eleberri beltzei buruz hitz egingo dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun