Txandakako aparkaleku-sistema kentzeko eskatu dio Plentziako Udalari HerriBera merkatari-elkarteak

Unai Brea 2020ko abu. 21a, 13:58
© PLENTZIAKO UDALA

Plentziako hainbat taberna eta negozio batzen dituen HerriBera elkartea "Udalak gure kaleari buruz hartutako neurrien aurka" agertu da, "gure establezimenduei egin dieten kaltea dela eta". Izan ere, egindako aldaketen ondorioz bezero-kopurua jaitsi egin dela adierazi dute, eta salatu dute Udaleko inork ez diela kontsultarik egin hartutako neurriez, eta euren iritziak udal-arduradunei zuzenean jakinarazteko aukerarik ere ez zaiela eman.

Joan den astean ezarritako txandakako aparkaleku-sistema kentzeko eskatu dute HerriBera elkartea osatzen duten 32 negozioek. Sistema horrek aukera ematen du ordubetez autoa dohainik uzteko, horretarako prestatutako gune bitan; erabiltzaileek ordulari bat eskatu behar dute establezimenduren batean, eta kotxean ondo ikusteko moduan ipini. Haatik, HerriBerako kideek uko egin diote erloju horiek jaso eta bezeroen artean banatzeari.

Gune urdin berrian autoa uzten dutenek erlojurik ipintzen ez dutela adierazi dute merkatariek, "turismo-bulegoak banatzen dituen arren", eta edozelan ere inork ez duela kontrolik egiten, "ez udaltzainek ez beste udal-langileek". Bestalde, aparkaleku mugatu hori erabiltzen dutenak paseatzera edo bainua hartzera joaten direla gaineratu dute, ez herrian kontsumitzera, "egiaztatu dugunez".   

Erribera kalea autoentzat ixtearen aurka

Erribera kalean asteburu eta jai-egunetan ibilgailuak sartzea debekatzen duen alkatearen dekretua bertan behera uzteko ere eskatu dute. Azaldu dutenez, bariku eguerditik domeka gauera arte dago galarazita kalean autoz sartzea, "egitekotan, neurria zapatu eguerdian has zedila eskatu genuen arren, zapatu goizez zabaldu egiten dugu eta".

Dena dela, kexu dira debekuaren ondorioz asteko zazpi egunetan egin dutela behera, "kopuru historikoetara", bai trafikoak bai bezero-kopuruak: "Sartzea debekatzen duten kartelak (bata Gandiako errotondan, beste bat frontoi inguruan eta bestea Erriberan kalearen hasieran) ez dira argiak, ez dago astirik irakurtzeko debekua egun batzuetan bakarrik dagoela indarrean, eta jende askok atzera egiten du, batzuk herrira ere ez dira sartzen, eta beste batzuk kalearen hasieran margotu duten errotondatxoan ematen dute buelta".

"Ordubeteko txandakako aparkalekuaren neurriak gure kaleari baino ez dio eragiten, gehitu dute, "eta ez dugu ulertzen zergatik, fisioterapeutara, banketxera, Udaletxera... joateko eta zenbait enkargu egiteko ordubete baino gehiago behar izaten baita". Horrez gain, berez autoa uzteko arazoak egoten diren herri batean aparkaleku asko kendu direla diote: "Plazatxoan, esaterako, 81etik 13ra jaitsi da".

Honenbestez, kezka agertu dute HerriBera elkartean daudenek. "Udan honela bagaude, udazkena eta negua ailegatzen direnean egoera dramatikoa izan daiteke. Gure negozioan arriskuan daude".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun