Eraso matxistarik gabeko udalerria aldarrikatu dute Plentzian

Iker Rincon Moreno 2020ko ira. 30a, 10:12
Indarkeria matxista salatzeko elkarretaratzea Plentzian, artxiboko irudian.

Azken hilabeteotan jazotako eraso matxista biak gaitzesteko adierazpen bateratua kaleratu dute Plentziako udal-talde politiko biek eta udalerriko Araldi eta Sorginen Alabak talde feministek. Adierazi dutenez, euren eskuetan dauden baliabide guztiak erabiliko dituzte indarkeria matxistari aurre egiteko: "Erasorik ez. Datu horixe ikusi nahi dugu gure akta liburuetan, errealitate horixe nahi dugu lortu. Eta ez gara pauso erdi bat atzeratuko bide horretan".

Adierazpena, osorik

Hantxe bildu ginen abuztuan, pankarta baten atzean. Eta berriro irailean, 30 egun geroago. Eta hori jasanezina da. Onartezina. Plentziak indarkeria matxistako bi kasu bizi izan ditu azken asteetan, eta kasu bietan herritarrak Astillero plazan bildu ziren ozen gaitzesteko eraso horiek eta emakumeen aurkako eraso guztiak.

Nahikoa da. Nazkatuta gaude. Haserre. Plentziak ez zuen horretarako eraiki Astillero plaza. Plentziak Astillero plaza eraiki zuen jolasteko, ospakizunak egiteko, elkartzeko, dantzatzeko, hitz egiteko… Baina ez herriak bere ahotsa eta amorrua plazaratu ditzan matxismoaren aurpegi latzenaren aurka.

Plentzia, eraso matxistarik gabeko herria. Plentzia, espazio askea. Horixe da gure helburu irmoena. Lerro hauen bidez, Araldi eta Sorginen Alabak talde feministek eta Udalean dauden bi talde politikoek (EAJ eta EH Bildu) euren borondatea eta ahalegina batu nahi dituzte elkarrekin sinatzeko adierazpen hau, helburu bi dituena:

  1. Gaitzestea Plentzian gertatu diren bi eraso matxistak, eta gure elkartasun guztia agertzea eraso horiek jasan dituzten emakumeei.
  2. Adieraztea konpromiso irmoa hartzen dugula gure eskuan dauden baliabide guztiak erabiltzeko, gogor lan egiteko eta mobilizatzeko –bai erakunde gisa eta bai mugimendu sozial gisa–, hauxe izan dadin indarkeria matxista bat gaitzesteko egiten dugun azken kontzentrazioa eta hauxe izan dadin gai honen inguruan idazten eta adosten dugun azken adierazpena. Erasorik ez. Datu horixe ikusi nahi dugu gure akta liburuetan, errealitate horixe nahi dugu lortu. Eta ez gara pauso erdi bat atzeratuko bide horretan.

Udala garen aldetik, konpromisoa hartzen dugu politika feministak garatzeko udal arlo guztietan eta gure herriko eguneroko bizitzako alderdi guztietan.

Adierazpen hau sinatzen dugun alderdi guztiok badakigu zein garrantzitsua den herritar guztiei, eta bereziki haurrei, prestakuntza eta informazio egokiak ematea pertsona libre eta irizpidedunak izan daitezen, eta euren aukerak egin ditzaten askatasunez, errespetuz eta errotik gaitzetsiz genero indarkeriaren adierazpide guztiak.

Denon lana da hori. Emakume izateak ez digu ematen erantzukizun gehiago. Gizonok ere inplikazio maila berdina izan behar duzue. Nahi dugu antolatu zaitezten eta zuek ere borroka egin dezazuen indarkeria matxistaren aurka. Eta horretarako ezinbestekoa duzue deseraikitze prozesu bat eta analisi autokritiko bat martxan jartzea: deseraikitzea berriro eraikitzeko. Kausa hau zuena ere badelako.

Hemen gaude. Elkarturik. Indartsu. Antolatuta. Eta hau hasiera da. Bi alderdi politikok eta bi talde sozialek sinatzen dugu adierazpen hau. Baina paper hauen gainean tinta gehiago ikusi nahi dugu: herritar eta elkarte gehiago inplikatuta kausa honetan. Kontu honetan ezin da egon arrakalarik. Hemen denok gara bogalari. Denok. Batera.

Azkenik, mezu zuzen bat bidali nahi diegu indarkeria matxista jasaten duten emakume guztiei: hemen gaude zuei laguntzeko.

Eta beste mezu zuzen bat ere erasotzaileentzat: Alde hemendik. Ospa. Ez zaituztegu nahi inguruan.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun