COVID-19ak kaltetutako udalerriko 42 enpresa lagunduko ditu Plentziako Udalak

Erredakzioa 2020ko urr. 9a, 10:16

Udalak 49.500 euro bideratuko ditu prestazioa eskatu duten eta hiribilduan establezimenduak dituzten 42 enpresa-txiki eta pertsona autonomoen artean. Beste 11 dokumentazioa zuzentzeko prozesuan daude. Udal-arduradunek azaldu dutenez, 100 lokal komertzial eta turistiko baino gehiago daude Plentzian; beraz, "udalerriko establezimenduen %50ak baino gehiagok jasoko dituzte laguntzak". Bakoitzak jasoko duen laguntzari dagokionez, 1.000 eta 3.000 euro artekoak izango dira, establezimenduaren eragin-egoeraren balorazio teknikoaren arabera, informatu dutenez.

Uztailaren erdialdean jarri zuen martxan Udalak enpresa txiki-ertainentzako laguntza-deialdi hori, COVID-19ak eragindako krisiaren ondoren Plentziako ekonomia suspertzeko asmoz. "Laguntzak ez dira inoiz nahikoak izango Plentziako merkataritza- eta turismo-sektoreetan pandemiaren ondorioak arintzeko; hala ere, Udalak ezinbestekotzat jotzen du enpresei laguntza eskaintzea, kontuan hartuta 4.400 biztanleko udalerri baten aurrekontu-ahalmena. Beraien ondoan egongo gara aurrerantzean ere", gogoratu du Elixabete Uribarri Plentziako alkateak.

Bestalde, Iñaki Saenz de la Fuente Ekonomia Garapen, Turismo, Merkataritza, Enplegu, Landa Ingurune eta Euskarako zinegotziak azpimarratu duenez, "Udalak 150.000 euro jarri ditu Plentziako enpresa-sarearen esku, merkataritza establezimenduei laguntzak emateko, martxotik ekainera bitarteko aldiari aurre egiteko. Hala ere, COVID-19aren eraginak udalerriko ekonomian eta enpresetan oraindik ere presente daude; beraz, gainerako 100.000 euroak datozen hilabeteetan Plentziako turismoari, merkataritzari eta zerbitzuei laguntza gehiago eskaintzeko deialdi berriak egin ahal izango ditugunaren bermea dira". Uda itxaropentsu hasi zen Plentziako turismoaren eta merkataritzaren sektorearentzat; hala ere, agerraldiek eta udazkeneko denboraldiaren hasierak eragina izan dezakete enpresen ekonomian, eta, hori dela eta, Udalak ez du baztertzen laguntza horien bigarren deialdia egitea, Covid-19ak udazken-negu honetako ekonomian eragingo dituen ondorioak arintzeko.

150.000 euroko zenbateko hori oan den ekainaren 3an COVID-19aren ondorioen aurrean udalerria suspertzeko plana abian jartzeko Udalak onartu zuen 308.000 euroko partidaren zati bat da. Halaber, Saenz de la Fuentek Plentzia Garatzen programa balioan jarri du. Aholkularitza- eta laguntza-zerbitzu hori apirilean jarri zen abian, eta udalerriko enpresei laguntza zuzena eta espezializatua ematen jarraitzen du, erakunde publikoek koronabirusaren ondorioak direla eta abian jarritako laguntzen eta diru-laguntzen onuradun izan daitezen. Orain arte, 30 enpresa baino gehiagok erabili dute zerbitzu hori.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun