Irailean egindako txosten batengatik itxi ditu Udalak Arpillaoko lokalak

Ander Zarraga 2020ko abe. 25a, 19:23

Eraikina 90eko hamarkadan eraiki zutenetik nabarmen hondatu dela dio Udalak. © PLENTZIAKO UDALA

Team ingeniaritza-enpresak egindako txostenean eta ondorengo jarraipen-ikuskapenetan ondorioztatu da erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko lokalak eta aparkalekua itxi behar zituztela. Elkarteakaz egoerari irtenbide bateratua bilatzeko konpromisoa hartu du Plentziako Udalak.

Arpillaoko aparkalekua eta herriko bost elkarte batzen dituen eraikina 90eko hamarkadan eraiki zuten, baina, ordutik, aparkalekuaren sabaiko asfaltozko oihala hondatuz joan da, eta horrek eraikinean ura sartzea eragin du, eraikineko azpiegitura gutxika narrituz. Hori adierazi du gaur Plentziako Udalak prentsa-ohar baten bitartez; gaineratu du bertako elkarteek jasango dituzten eragozpenen jakitun dela, eta horiek birkokatzeko alternatibak bilatzea lehentasuna dela. Hori dela eta, urtarrilaren 12an elkarteakaz berriro batzartuko direla jakinarazi dute udal arduradunek.

Bitartean, elkarteen haserrea nabarmena da, aurretik ez dutelako inolako jakinarazpenik izan, eta alternatiba bat aurkitu arte beraien jarduera eten behar dutelako. Hori salatzeko asmoz, elkarretaratzea egingo dute domekan, 12:30ean, Ontziola plazan.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun