Arpillaoko lokalen auziak tenkatzen jarraitzen du elkarteen eta Udalaren arteko harremana. Izan ere, besteak beste, "Orain Plentzia" kanpainarako jarri dituen poltsa moduko euskarrietan gaztetxearen aldeko kartelak jarri dituztela salatu du Udalak; "Plentziako herritar guztiekiko iraina eta errespetu falta", dela adierazi du. Bitartean, lokaletako elkarteak entrenatzeko eta euren jarduerakaz jarraitzeko lokal barik daude oraindino, eta Udalak irtenbiderik eman ez duela deitoratu dute kaltetutako lagunek.
Danontzat gaztetxekoek zabaldutako bideoa:
Atzo, eguenean, egin zuten azken bileran Udalak elkarteei adierazi zien oraindino ez dutela ezer erabaki. "Ideiak dituztela esan ziguten, baina ez digute esan gura zeintzuk diren, horien bideragarritasun-teknikoak aztertu barik", azaldu du Eritz Monasterio Arkoteko arraunlariak. Hurrengo asteetan estropadak ere hasiko dituztela gogoratu du Monasteriok: "Ezin dugu jarduera eten gainontzeko arraun elkarteek entrenatzen jarraitzen dutelako".
Udalak elkarteakaz banaka batzeko proposamena ere egin zien elkarte bakoitzaren ezaugarriak eta beharrak ezagutzeko. Elkarteek, baina, mesfidantzagaz hartu dute proposamen hori, Udalak beraien artean banaketa sustatu gura duela uste dutelako. Elkarteek Udalari eskatu diote denentzako bideragarria den konponbide bat, elkarte bat ere ez dadin kalean geratu.
Bere aldetik, Danontzat gaztetxeak liburu-azoka bat antolatu du domekarako, hilaren 24rako, Ontziola plazan. Ekintza horren bitartez gune-autogestionatua babestu gura dute, horrek herriari eskaintzen diona aldarrikatzeko. Azoka 11:30ean hasiko da, eta, bertan, liburuak euro baten truke eskuratu ahalko dira. "Herritarren artean kultura banatzea da helburua; gaztetxerik gabe herrian zer gertatuko litzatekeen gogoeta sustatu gura dugu", zehaztu dute gaztetxetik.
"Orain Plentzia" kanpaina
Plentziako tokiko kontsumoa sustatzeko helburuagaz, eta pandemiaren ondorioz kaltetutako merkatariei laguntzeko, Udalak "Orain Plentzia" kanpaina aurkeztu zuen urtarril hasieran. Merkatarien elkarteagaz lankidetzan, udalerriko kaleetan hainbat elementu jarri dituzte, hala nola hainbat tokitan totem moduko sei poltsa erraldoi, herriko merkataritza bultzatu eta herrian kontsumitzearen garrantzia gogorarazteko. Horiez gainera, bandera batzuk ere jarri dituzte kaleetan, baita ekimenaren xehetasun guztiak azaltzen dituzten flyerrak bidali etxeetara ere.
Udalak adierazi du totem horietan kartelak jartzea bezalako ekintzek mesede gutxi egiten diotela kanpainan ezarritako helburuak lortzeari.