Danontzat gaztetxeko kideek liburu-azoka egiteko asmoa zuten atzo, urtarrilaren 24an, baina udal-arduradunek hori ez egiteko ohartu zieten aldez aurretik baimenik ez zutelako eskatu. Izan ere, Udalak jakinarazi duenez, sare sozialen bidez izan zuten azoka horren berri, eta berau ez egiteko abisua eman zien gaztetxeko kideei. Iturriek ohartarazi dutenaren arabera, pandemiak azken asteotan izan duen gorakada kontutan hartu zuten ekintza segurua ez zela argudiatzeko. Hala, gune-autogestionatuko kideek, merkatua egin ordez, liburuak herritarren esku jartzea erabaki zuten. Horretarako, higiene- eta distantzia-neurriak betetzeko ardura ere hartu zutela adierazi dute gazteek.
Gune-autogestionatuko ordezkariek adierazi dutenez, Arpillaoren itxieraren ondorioz erabilerarik gabe dituzten 400 liburu baino gehiagori irtenbidea ematea zen asmoa: "Herritarren artean kultura banatzea izan da helburua; gaztetxerik gabe herrian zer gertatuko litzatekeen gogoeta sustatu gura dugu".
Jakinarazi dutenez, azkenean, udaltzain bik eta lau ertzain bertaratu ziren Ontziola plazara, eta dena batzeko agindu zieten, Udalaren baimenik ez zutela adierazi ondoren. Hala ere, gazteek esan dute Udalak emandako aginduagatik batu behar izan zutela dena; ordu bete arinago, liburuak jartzen zeudenean, hurbildu ziren poliziek ez zietelako ezer esan.
Arpillaoko lokalen auzia dela eta, Udalaren eta Danontzat gaztetxeko kideen arteko tirabirak areagotuz joan dira azken asteetan. Udalak Arpillaoko egoera dela eta eraikina hustu behar zela agindu zuenetik, bertako elkarteei ez omen die konponbide egokirik eskaini.