PlentziaLan orientazio eta akonpainamendu programaren emaitzak aurkeztu dituzte

Erredakzioa 2021ko mar. 5a, 14:03

Langabetuei edo lana hobetu gura dutenei euren gaitasun pertsonal eta profesionalak garatzeko PlentziaLan udal-programak herriko 14 parte hartzaile izan ditu orain arte, eta horietako bik lan berria aurkitzea lortu dute.

Plentziako Udalak azaroan abiarazi zuen PlentziaLan programa, bakarkako tutoretza-saioen bitartez. Horregaz, Plentziako langabetuei edo lana hobetu gura dutenei euren gaitasun pertsonalak eta profesionalak ezagutu eta garatzeko laguntzea izan dute helburu, horiek konfiantza berreskuratu dezaten.

Ekimena martxan jarri zenetik, guztira, 14 herritarrek parte hartu dute: zortzi emakumek eta sei gizonek. Parte hartzaile guztien artean bik lana aurkitu dute, beraz, programa bukatzea erabaki dute. Bestalde, beste bi erabiltzaile, lanean egon arren, programan jarraitzen dute euren aukera pertsonal eta profesionalak ezagutzen eta garatzen, enplegua hobetzeko asmoz. Izena eman duten gainerako pertsonek PlentziaLanen laguntzagaz lanaren bila jarraitzen dute; izan ere, programak ez du iraupen jakinik; erabiltzaileen helburuen, motibazioen eta erronken araberakoa da.

“Udaletik zerbitzuaren balorazio oso positiboa egiten dugu. Dozena bat laguni baino gehiagori baliabideak optimizatzen eta beren gaitasunei ahalik eta etekin handiena ateratzen laguntzen ari gara”, adierazi du Iñaki Saenz de la Fuentek, Udaleko Garapen Ekonomiko, Turismo, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak.

Zentzu horretan, programak orientazio eta akonpainamenduan aditua den teknikari bat du, interesatuei euren potentzialtasuna aurkitzen laguntzeko ardura duena. Horretarako, bakarkako orientazio edo tutoretza-saioak egiten dira, eta hurrengo aspektuak lantzen dira: motibazioa, jarrera, gaitasun pertsonalak, norbere burua ezagutzea, erlaxazio teknikak, emozioen kudeaketa, lana bilatzeko teknikak, helburu profesionalak, lan merkatua eta laneko elkarrizketak, besteak beste.

Tutoretza-saioak goizez egiten dituzte, 09:00etatik 15:00era, martitzenetan eta eguenetan. Izena emateko edo informazio gehiagorako ahalbidetu dituzte garapena@plentzia.eus helbidea eta 946 774 199 eta 617 260 330 telefono zenbakiak.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun