Eguraldiak lagun izan ez zuten arren, inoiz baino jende gehiago batu zen zapatuan itsasadarrean gora Itsas Martxan euskal preso eta iheslarien aldeko aldarriak ozen oihukatzeko. Zortzigarren ekimen euritsu horretan, 100 piragua inguru, 25 ontzi eta uretan ibiltzeko bestelako zenbait tramankulu bildu ziren Itsas Martxagaz bat egiteko.
Eguerdiko 12:30ak aldera, mobilizazioari ekin aurretik, Kepa del Hoyo euskal presoari eta bere senideei –Plentziara hurbildu ziren– omenaldia egin zieten. Izan ere, lau urte bete ziren zapatuan, uztailaren 31n, Del Hoyo Badagozeko kartzelan zegoela hil zenetik. "Galera gogor horrek erabat markatu zuen hortik egun batzuetara egingo genuen IV. Itsas Martxa", azaldu dute antolatzaileek.
2017ko urte horretan, espetxean hil zen 34. euskal presoa izan zen Del Hoyo, baina, harez geroztik, beste bi lagun hil dira. Hori dela eta, "zerrenda beltz" horretako lagun guztiak ere gogoan izan zituzten ekimenean, baita kartzelara bidean errepidean hildako 16 senide eta lagunak, "dispertsioaren ondorio zuzena".
Omenaldi horren ondoren, ohi bezala, zutabe bitan banatuta, itsasadarretik eta pasealekutik, euskal preso eta iheslari guztien eskubideen eta askatasunaren aldeko oihuak ozen aireratu zituzten Plentzian.