Bart gauean Plentzian gertatutako istiluen harira, Uribe Kostako Gazte Koordinadora Sozialistatik kontzentrazio deialdia egin du gaurko, 19:30erako, Ontziola plazan. Gogoratu beharra dago Ertzaintzako agenteak hiribilduko Alde Zaharrera sartu eta bertan zeuden jende pilaketak disolbatzean istiluak sortu zirela; gertaera horretan, agenteek hiru gazte atxilotu zituzten.
GKS-tik adierazi dutenez, "gertaera hau ez da kasu isolatu bat, Euskal Herriko udalerri askotan jasotako jazarpenaren beste adibide bat da". Hori salatzeko eta istiluetan jazarriak, zaurituak eta atxilotuak izan ziren gazteei elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea egingo dute. Horregaz batera, atxilotuen kargugabetzea ere exijituko dute.
Egin duten deialdian deitoratu dutenez, "azken urtean poliziak agertu duen jazarpenen gorakada bere funtzioari erreparatuta soilik uler daiteke; izan ere, ordena burgesa mantentzea eta langileriaren askatasun politikoak jazartzea da poliziak duen betebeharra. Horrela, COVID-19aren aitzakiapean, burgesia gizarte are totalitarioago bat ezartzen ari da". Horren aurrean, antolakuntza komunistaren beharra azpimarratu dute, "indarrean dagoen gizarte eredu injustu eta totalitario honi aurre egiteko".