Plentziako Udalak udal-azokako eraikina eraberritzen ari da, eta sei salmenta postu jarri ditu guztira, bost urteko iraupena izango duten esleipenakaz. Merkatuaren helburu nagusia da kalitatezko, sasoiko eta hurbileko elikagai jasangarriak eskaintzea herritarrei zein bisitariei, eta horregaz batera, lehen sektoreko jarduerak eta ekoizpenak bultzatzea. Zentzu horretan, arduradunek azpimarratu dute esleipen-prozesuan honako hauek lehenetsiko direla, besteak beste: “zirkuitu laburreko” nekazaritzako elikagaiak, produktu ekologikoak, kalitate-markek babestutako produktuak, hala nola Eusko Label, Idiazabalgo Jatorrizko Izendapena, Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Izendapena, Euskal Sagardoaren Jatorrizko Izendapena eta abar. Etiketetan euskararen erabilera, udal merkatuetako beste postu batzuen titularra izanik izandako esperientzia, emakumeak edo 40 urtetik beherako pertsonak diren titularrak ere, kontuan hartuko dituzte, besteak beste.
Salmenta ordutegia 09:30etik 14:00etara izango da, eta bi denboraldi ezarriko dira:
- Udakoa (ekainaren 1etik irailaren 30era): merkatua astelehenetik zapatura egongo da zabalik.
- Negukoa: eguenetik zapatura.
Egutegi eta ordutegi horiek aldatu egin ahal izango dira postuen esleipendunek eskatzen dutenaren eta Plentziako Udalaren irizpideen arabera.
Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea azaroaren 22an amaituko da
Produktoreek oinarrietan eta deialdian ezarritako dokumentazioa aurkezteko epea 2021eko azaroaren 22ra arte izango dute. Eskabide orria Udalaren webgunean dago eskuragarri. Eskabide horretan, aurkeztu beharreko gainerako agiriak zehazten dira. Inskripzioa telematikoki egingo da Plentziako Udalaren web orriko online izapideen bidez.
Produktoreek salmenta-postua ustiatu gura duten egunen kopurua zehaztu beharko dute, esleipendunak badira, eta bertan salduko dituzten produktuen berri eman. Interesdun bakoitzak salmenta postu bakarra aukeratu ahal izango du, eta produktu-mota bat baino gehiago saltzen duten postuak baimendu ahal izango dira.
Jarduera guztiak, saltzeko baimena duten produktuak eta merkatuaren funtzionamendu orokorra Plentziako Udal Merkatuaren funtzionamendua arautzen duen Ordenantzaren pean egongo dira. Ordenantza hori 2021eko abuztuaren 9ko 151. Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Interesdunek, udal-baimena lortzeko hautapen baldintzei edo irizpideei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, deialdiaren oinarri horiek Udalaren webgunean edo BAOn kontsultatu beharko dituzte.