Koloreztatzeko marrazkien bitartez Plentziaren historia ezagutzeko liburua argitaratu dute

Erredakzioa 2021ko aza. 15a, 08:54

Elixabete Uribarri Plentziako alkatea eta Nuria Hache ilustratzailea liburuaren aurkezpenean. © PLENTZIAKO UDALA

Nuria Hache ilustratzaileak eman die bizitza Plentzia kolorez beteta umeentzako liburuko pertsonaia eta marrazkiei. Guztira, Udalak 800 ale banatuko ditu Goñi Portalen, turismo bulegoan eta Plasentia de Butrón museoan.

Aurten, Plentziako Udala egiten ari den kultur ekimen ugarien artean, Plentzia kolorez beteta umeentzako liburua aurkeztu du. Koloreztatzeko ilustrazioz osatutako liburuaren helburua bikoitza da: umeak olgatzea, eta, aldi berean, hiribilduko historiara hurbiltzea.

Marrazki dibertigarri eta atseginakaz osatuta dago argitalpena, udalerriko leku enblematiko eta ezagunen irudi ikusgarriz osatuta: Ontziola, eleiz plaza, hondartza, Goñi Portal, Plasentia de Butrón Museoa... Horrela, bereziki 4 eta 12 urte bitarteko neska-mutilei zuzendutako orrialdeek pintzelada gisa jasotzen dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz, Plentziako historiaren datu eta bitxikeriak.

Liburuaren berezitasun guztiak aurreko asteko eguenean, azaroaren 11n. Nuria Hernandez, Nuria Hache izenez ezagunagoa den ilustratzailea arduratu zen liburuko xehetasunez beteriko marrazki eta pertsonaia dibertigarriei bizia emateaz.

Lan-prozesua

Nuriak ibilbide luzea egin du ilustrazioaren eta diseinu grafikoaren arloan; 19 urte baino gehiago daramatza publizitate agentziakaz, argitaletxeakaz, aldizkariakaz, hezkuntzaaplikazioakaz, erakundeakaz eta enpresa pribatuakaz lankidetzan.

Azaldu zuenez, lan bakoitza desberdina eta berezia da berarentzat, eta hala izan da oraingoan ere: hainbat hilabetetako lana eta bilerak izan dira Udalaren eta ilustratzailearen artean, kokalekuak erabakiz, informazioa bilduz eta ilustrazio zainduak prestatuz. Aurkezpenean azpimarratu zutenez, nabarmentzekoa izan da, bereziki, Plasentia de Butrón Museoaren lana, argitalpen hori ahalbidetu baitu, datu historiko guztiak erraztuz.

"Umeentzako sortzeagaz, marrazteagaz... zerikusia duen guztia erakargarria da, eta, horregatik, koloreztatzeko liburu hau prestatu dugu, aldi berean, ondo ezagutzen dituzten lekuak jasotzen dituena, bizi diren eta jolasten diren tokiak. Honela, modu dibertigarrian ikasi eta errepasatu ahal izango dute euren herriaren iragana. Hiribildua sormenaren eta koloreen bidez aztertzeko modu aparta", azpimarratu zuen Elixabete Uribarri alkateak liburuaren aurkezpenean. Ekitaldian Sara Romero Kultura zinegotzia ere izan zen.

Udalak liburuaren 800 ale argitaratu ditu eta doan banatuko dira Goñi Portalen, Turismo Bulegoan eta Plasentia de Butron Museoan.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun