Plentziako Udalak urrats berri bat eman du tokiko jarduera ekonomikoa sustatu eta suspertzeko, udalerriko merkataritzari, ostalaritzari eta enpresei bideratutako laguntzen bitartez. Guztira, 72.000 euro igorriko ditu hiribilduko garapen ekonomikoa sustatzeko eta enpresa eta negozioei zein ekintzaileei laguntzeko. Horretarako, hiru laguntza-lerro ezarri dituzte: Plentzia Garatzen, Plentzia Berpiztu eta Plentzia Eraberritu.
Tokiko ekonomia biziberritzeko eta herrian enplegua sortzen laguntzeko planak Plentzia Garatzen izena izango du, eta 35.000 euroko hornidura izango du. Laguntza-lerro hau proiektu berriak sortu eta dauden enpresetan ekimen berritzaileak abian jartzeko bideratuta egongo da.
Plentzia Berpiztu planerako 12.000 euro bideratuko ditu Udalak, hiribilduko alde zaharrean eta portuaren inguruan erabiltzen ez diren merkataritza-lokalen errentamendua bultzatzeko asmoagaz. Laguntza horiek enpresa txikiei, pertsona autonomoei eta negozio berri gisa ezartzen diren edo beren jarduera Plentziara eraman gura dutenei zuzenduta daude. Onuradun bakoitzak 3.000 euroko laguntza jasoko du, gastuaren % 50 gehienez.
Azkenik, Udalak 25.000 bideratu ditu Plentzia Eraberritu laguntza-lerrorako. Horren bitartez, merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza berritzeko eta modernizatzeko laguntzak emango ditu, udalerriko negozioak lehiakorragoak izan daitezen eta bezeroei zerbitzu hobea eskaintzeko aukera izan dezaten. Laguntza honetaz baliatu daitezke honako jarduketak: TicketBAi/Batuz sistema ezartzea, ekipamendu teknologiko eta informatikoak erostea, argiztapena hobetzea, wifi-sareak instalatzea, altzari berriak erostea, pertsianak ordezkatzea, erakusleihoak handitzeko obrak, terrazak edo karpak klimatizatzeko kanpoko farolak edo elementu berogailuak, etab. Diru-laguntza egindako inbertsioaren % 50ekoa izango da, baina diru-laguntzaren zenbatekoa ez da izango inola ere 2.500 euro baino handiagoa.
Ezohiko laguntzak
“Aurrekaririk gabeko osasun-krisiaz gain, pandemiak krisi ekonomiko handia ekarri du, eta horrek eragin handia izan du gure udalerrian enplegua sortzeko funtsezkoak diren sektoreetan, hala nola ostalaritza-establezimenduetan, saltokietan eta bestelako enpresetako profesionalen artean, guztiak Plentziak duen nortasunaren ikur. Ezohiko
laguntza horiek haiekaz dugun konpromisoari erantzuten diote, beraz, deialdia arrakastatsua izatea espero dugu”, azpimarratu du Elixabete Uribarri Plentziako alkateak.
Aldi berea, laguntza-lerro berriok iraganean emandako laguntzei gehitzen zaizkiela zehaztu dute, baita abenduaren 15etik 31ra bitartean gauzatzen ari den 2021eko Plentzi & Shop bonuen kanpainari ere.
Gainera, aipatutako laguntza-pakete horretaz gain, udalerriko hainbat merkataritza-gunetan dauden eta Plentzian kontsumitzera animatzeko erakargarri gisa funtzionatzen duten merkataritza-poltsen berritzea ere azpimarratu dute udal-iturriek. Dozena erdi poltsa horien estetika berritu dute, diseinu modernoago bategaz, baita gune horietan kontsumitzeko zer establezimendu mota dauden jakinarazten duten mezu jakin batzuekaz ere.
Eskabideak aurkezteko
Eskabideak aurkezteko azken eguna urtarrilaren 27a izango da, eta interesa duten pertsonek Udalaren HAZn erregistratu edo telematikoki aurkeztu beharko dute eskabidea. Diru-laguntzaren eskaera establezimenduaren edo negozioaren titularrak edo legezko ordezkariak aurkeztu beharko du, Plentziako Udalak bere webgunean argitaratu duen eskabide-eredu ofizialari jarraituz.
Informazio gehiago gura izanez gero, Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Landa Inguruneko Departamentura jo daiteke garapena@plentzia.eus helbidera idatziz edo 946 774 199 telefonora deituta.